Goizean jaiki orduko, edo gidatzen goazela, nori ez zaio gustatzen irratia entzutea? Irratiak gure gizartean garrantzi eta zabalkunde handia dauzka, adin guztietako jendeak entzuten du, mota askotako programak aurki ditzakegu komunikabide horretan. Izan ere, irratia informazioa, iritzia, salaketa, entretenimendua, jolasa eta denbora-pasa ere bada. Beraz, hori guztia kontuan harturik, ahoskotasuna lantzeko proposatuko dugu komunikabide hau erabiltzea, era askotako ahozko jardueren bidez. Irratsaioetan irakurri, eztabaidatu eta hitz egiten da, galdetu eta erantzun, eta ahozko hainbat testu sartzen dira: elkarrizketak, albisteak, kritikak, gomendioak, musika, literatura, etab. Hortaz, baliabide ezin aproposagoa da ahozkotasuna lantzeko. Eta proposatutako jarduerak maila guztietan landu daitezke: irakasleak aukeratu, egokitu eta negoziatu ditzake ikasleentzako aproposenak, maila, adina eta gustuen arabera. Banaka, binaka edota taldeka landu daitezke, euskaraz ez ezik, beste hizkuntza batzuetan ere bai. Hori guztia, goian esan dugun bezala, nahiko baztertuta dugun ahozkotasuna lantzeko da. Irakaskuntzan atal honi ez diogu behar duen garrantzia ematen, idatzizko atalera mugatzen da gure lana: irakurtzera eta idaztera. Ezin dugu ahaztu erdarak duen eragina, ez eta ikasleek euskaraz duten oinarria ere. Hori dela eta, uste dugu onuragarria izan daitekeela ahozkotasuna lantzea: ahoskera hobetzeko, antzeko fonemak bereizteko eta erabiltzen ikasteko. Ibiliz bidea egiten den bezala, hizkuntza erabiliz ontzen da. Beraz, ahozkotasuna landuz, hizkuntzaren erabilera sustatzen da. Badakigu ahozko hizkuntza lantzea konplexua dela eta baliabide anitz eskatzen dituela, bai teknologiaren aldetik, bai denboraren aldetik. Horregatik oinarrizko aldaketa fonetikoetara mugatuko gara, eta antzeko soinuak [z, s, x] eta [tz, ts, tx] bereiztera eta erabiltzen ikastera. Eta hori guztia praktikara eramateko, Internet ezinbesteko baliabidea da. Internetek ikastetxeko irratia dohainik sortzeko eta antolatzeko aukera eskaintzen digu, bai zuzenean emateko, bai aurrez grabatutako emanaldia ikastetxeko blogean eskegitzeko. Horrela, ikasprozesu osoaren emaitzak gelatik atera eta zabaldu egiten dira. This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial-ShareAlike 3.0 Unported License. |