Materiaren propietateak ikertuz
Materia gure inguruan dago. Bai, bai. Gure inguruan dagoen guzti-guztia materia da, ezin da geratu “hutsunerik”. Materia da masa duen eta espazio bat hartzen duen guztia, hau da, Unibertsoan aurki dezakegun guztia, ikus daitekeena (haitz bat, esaterako) edo ikus ezin daitekeena (airea, kasurako).
Argazkiari begiratu, eta, arrazoituz, pentsatuko dugu: Hutsik daude ontziak?
Inguratzen gaituena behatzen badugu, ikusten dugu materia hiru egoera hauetan egon daitekeela: solidoa (gure mahaia, adibidez), likidoa (boligrafoaren tinta, kasurako) edo gas-egoera (arnasten dugun airea, esaterako).
Baina materiaren egoera guztiek propietate berberak dituzte? Sistema material batek masa, forma edo bolumen bera izaten jarraitzen du ontzia edo egoera aldatzen denean?