Ondorengo irakurgaia irakurriko dugu, banaka. Irakurri ahala, azpimarratu egingo ditugu esanguratsuen iruditzen zaizkigun hitzak edo esaldiak, atentzioa ematen digutenak.
1
Ziur aski, leku askotan irakurriko zenuen: substantzia kimikoak, konposatu kimikoak dira gaitz guztien eragileak. Substantzia kimikoek kutsatu egiten dute, gaixotu egiten gaituzte, arriskutsuak dira, artifizialak dira eta naturalaren, puruaren eta gorputzarentzat osasungarriak direnaren aurkakoak dira.
Izan ere, eragin handiko publizitate-esaldia da "kimikorik gabea" edo "substantzia kimikorik gabea", eta justifikatzen du kontsumitzen dituzun produktuengatik zuri gehiago kobratzea, batzuetan askoz gehiago. Beste publizitate-amu batzuk bezala ("naturala", "organikoa", "ekologikoa", "tradizionala"), kontsumo alternatiboaren industria erraldoiaren parte da.
2
Eta, hala ere, sentitzen dut nik esatea, ezinezkoa da substantzia kimikoetatik ihes egitea. Izan ere, begira, unibertso osoa substantzia kimikoz egina dago. Adibidez, oxigenoa elementu kimiko bat da, baita hidrogenoa ere. Eta konbinatzen direnean, konposatu kimiko bat sortzen da, zeinaren molekulak hidrogenozko bi atomoz eta oxigenozko batez osatuta dauden; H2O da, ura. Zu ere bai. Zu ere gai kimiko beldurgarriz (hala deitzen diete) egina zaude. Funtsean, izaki bizidun guztiak CHONSP elementuetatik sortutako konposatuz eginak daude; karbonoa, hidrogenoa, oxigenoa, nitrogenoa, sufrea eta fosforoa dira elementu horiek.
3
Eta horrela dena. Klorofila, diamanteak, hortz-enpasteak, tofua, telefonoaren edo ordenagailuaren pantaila, zure azazkalak, Marte, helikopteroak, menda pilulak, papera, txanponak, orkideak, gure unibertsoko materia guztia-guztia "substantzia kimikoz" egina dago. "Substantzia kimikorik gabeko" zerbait saltzen dizuna gezurretan ari zaizu.
Merkataritza-arduragabekeriaren eta ezjakintasunak eragindako beldurraren ondorioz, zenbait jende-sektorek zabaldu dute substantzia kimikoak txarrak, arriskutsuak edo kaltegarriak direla, eta, horrela, beldurra sortu dute. Egia esan, "naturala" den guztia ez da ona: gaixotzen gaituzten bakterio eta birus guztiak "naturalak" dira, baita landareak, onddoak, intsektuak, narrastiak eta beste animalia batzuk sortzen eta inokulatzen dituzten substantzia pozoitsuak ere. Eta, egia esan, "artifizial" edo "sintetiko" oro ez da txarra edo kaltegarria. Beraz, beste gauza askotan bezala, egoera esaten dizutena baino konplexuagoa da.
4
1997an, Idahoko Bigarren Hezkuntzako ikasle batek, Nathan Zohnerrek, inkesta bat egin zuen, eta inkestatutako gehienek dihidrogeno monoxidoa ekoizteko debekuaren alde sinatzea lortu zuen. Inkestan baieztatzen zen guztia egia zen. Adibidez: euri azidoaren osagai nagusia da; inguru naturalen higadura eragiten du, metalen korrosioa bizkortzen du; gure elikagaietan dago, baina ez da etiketan adierazten; nekazaritza ez-ekologikoan erabiltzen da; enpresek zigorrik jaso gabe botatzen dute ibai, laku eta itsasoetara...
Jakina, jendeak sinatu egin zuen, erabat sinetsita zientzialari gaiztoek sortutako beste substantzia hilgarri bat aurkitu dela eta gobernuek eta enpresek haren izugarrikeriak ezkutatzen dituztela. Dena egia da. Dihidrogeno monoxidoa existitzen da. Bi hidrogeno atomoz (H) eta oxigeno atomo batez (O) osatutako konposatu kimikoa da. H2O da, ura. Gaur egun, oraindik ere, badago dihidrogeno monoxido gaizto honek gure osasunean eragin beharko lituzkeen izugarrikeriak eta kezka-arrazoiak zehazten dituen webgune bat. Dutxan irristatzea, adibidez. Eta horren antzera, izu-kanpainak egin izan dira hainbat substantziarekiko; adibidez, dioxinak eta, oraintsuago, parabenoak. Eta gehiago ere egingo dira.
5
Beraz, egin mesede bat, eta ez sartu zu ere "kimikoak" edo "substantzia kimikoek” eragiten duten izuan. Galdeiozu zeure buruari zein substantzia diren benetan kaltegarriak, hobe duzu; ez kasurik egin inolako ebidentziarik gabe, inolako ezagutzarik gabe, zure elikagaietan, kosmetikoetan, garbiketa-produktuetan, arropetan eta abarretan dauden substantzia kimikoen arriskugarritasunarekin beldurtu nahi zaituen edonori. Galdeiozu ea badakien substantzia kimiko mordo bat arnasten ari dela (airea, besteak beste, substantzia hauek osatua: nitrogenoa, oxigenoa, argoia, karbono bioxidoa, neoia, helioa, sufre-dioxidoa, ur-lurruna eta metanoa). Eta gogoratu hobe dela informatzea izutzea baino.
Borobilean jarriko gara solasaldi zientifiko bat egiteko. Irakaslea izango da moderatzailea. Lehendabiziko paragrafotik hasiko da. Norbaitek zerbait azpimarratu du? Zergatik? Besteok beste ideiaren bat eman dezakezue? Gure iritziak ematen eta gaiaz eztabaidatzen jarraituko dugu, paragrafo guztiak aztertu arte