Saltatu nabigazioa

- GIDA DIDAKTIKOA -

GOMENDIO OROKORRAK

Gida honetan, Hezkuntza Baliabide Ireki (HBI) honen ezaugarriei eta erabilerari buruzko orientazio orokorrak daude, erabilitako metodologia-estrategiak eta ebaluazioa. Baina, bere egitura berezia dela-eta, erronka bakoitzerako aparteko fitxa didaktiko bat eskaintzen da. Fitxetan orientabide zehatzak ematen dira, eta edukiak, landutako konpetentziak eta ebaluazio-proposamena zehazten dira

PROIEKTUAREN CANVAS-A

Canvas de proyecto

HEZKUNTZA BALIABIDE IREKI HAU NOLA ERABILI

“Jarduera zientifikoa ikertzen” DBHko 2. mailako Fisika eta Kimika arloko curriculuma lantzeko proposamen didaktikoetako lehenengoa da. Ez dira ohiko unitate didaktikoak, ezta proiektu handiak ere, askotariko arazo-egoerak baizik, iraupen-saio batzuetarako erronka txiki gisa planteatuak. Erronka bakoitza ekoizpen bati zuzendutako ikerketa-jarduera gidatu batzuen bidez ebazten da.

Erronka horiek testuinguruan jartzen dituzte curriculum-edukiak eta irakasleentzat baliagarriak izan daitezke, bai beren eskolei ideia osagarriak emateko, bai zuzenean aplikatzeko. Irakasleak erabakitzen du, gaiaren hainbat unetan aplika baitaitezke, jarduera solteak aukeratu edo eduki guztiak lantzen joan. Proposamenak askotarikoak dira: laborategiko ikerketak, simulazio digitalak, irakurketa zientifikoak, jolas-jarduerak, manipulazio-jarduerak, eztabaidak eta PISAko gaiak. Konpetentzia zientifikoa garatuko duten metodologia-estrategietan jarri da arreta berezia, baina gainerako oinarrizko konpetentziak ahaztu gabe.

  • Erronka edo arazo-egoera gisa planteatutako ikerketak.
  • Ikasketa-kooperatiboko eta talde-laneko dinamikak.
  • Pentsamenduaren errutinak.
  • “Walk Around” erako eta txokoen araberako lan dinamikak.
  • Jokoak, jolas-jarduerak eta manipulazio-jarduerak.
  • Irakurketa zientifikoei buruzko lana.
  • Simulazio digitalen erabilera.
  • PISAko itemak lantzen.

ERRONKEN EZAUGARRIAK

Dagoeneko, irakasgai honetako gaiak garatzeko baliabide asko dago eskuragarri. Lan honetan, beste lerrabide bat eskaini nahi dugu, ikerketan oinarritutako ikasketa (Inquiry based learning) bultzatuz baina irakasleak gidatua uneoro, aurkikuntza hutsaren bidezko ikasketaren ikuspegi bakuna alde batera utzita, eta argudiatzea eta pentsamendu kritikoa bultzatuko duten jardueretan arreta jarrita.

Oso garrantzitsua da azpimarratzea oinarrizko ezagutza ezinbestekoa dela ikerketan oinarritutako erronka bati heltzeko. Ikerketa-jarduerak eskatzen duen pentsamendua (hipotesiak egitea, esperimentazioa planifikatzea, emaitzak interpretatzea, ondorioak argudiatzea, etab.) ezin da gauzatu aldez aurretik behar diren ezagutzak izan gabe. Irakasleen lana, ezagutzak modu aktiboan eraikitzeari dagokionez (zuzeneko heziketa, kontzeptuen azalpena, adibideak, orientazioak, trebakuntza, etab.), beharrezkoa da erronken bidezko ikaskuntza-teknikek ikaskuntza sakona eragin ahal izateko.

Edukien bloke honetarako proposatutako zereginak eta jarduerak, honako hauek dira:

Zientzia

Hiru zeregin hartzen ditu barne:

  • Zientzia marrazten: Zientziaren izaerari buruzko jarduera-multzoa, bideo bat ikusi, definizioak aztertu, eta “Frayer” erako poster bat egin. Pentsamendu eta zeregin zientifikoaren oinarrizko ezaugarrietara hurbiltzea da helburua. 1 edo 2 saio.
  • Kutxa misteriotsua: Manipulazio-jarduera honek zientziaren izaera ikertzailea agerian uzten du, baita zeharkako behaketen bidez datuak nola lor daitezkeen ere. Objektuak kutxetan nola kokatzen diren ikertzen da. 1 saio.
  • Zientzia-gizon eroa: Zientzietako estereotipoak lantzen dira bideoak eta irudiak erabilita. Ez da, ohi bezala, zientzialari handiak ezagutzera emango, baizik eta ikasleengandik hurbilago dauden gauzak izango dira ardatz, hala nola zinema, telebista edo komikiak. 1 saio.

Metodo zientifikoa

Hiru zeregin hartzen ditu barne:

  • Betetzen al da Murphyren Legea? Lege ezagun horren alderdi bati buruzko laborategiko ikerketa, metodo zientifikoaren faseak aplikatuta.  3 saio.
  • Esperimentu bat diseinatuko dugu: Ikasle-talde bakoitzak gutun-azal bat jasoko du jarraibideekin eta problema bat planteatuko zaio. Hura ebazteko, metodo zientifikoa aplikatu beharko du. Bizitza errealeko ikerketa desberdinak planteatuko zaizkie taldeka, eta bakoitzak esperimentu bat diseinatu beharko du ikerketarako. Gero, azaldu eta eztabaidatu egin beharko dute. 1 saio.
  • Martin martetarra: Metodo zientifikoari buruzko irakurketa kooperatiboa, ulermen jarduera grafikoekin. 1 saio.

Laborategiko paseoa

Bi zeregin ditugu:

  • Paseoa laborategian: Jarduera dinamikoa da, eta laborategiko materiala errepasatzeko balio du. “Walk Around” erara dago antolatua, hau da, txartelak jarriko dira ikasgelako hormetan eta ikasleek parekatu egin beharko dituzte.  1 saio.
  • Arauak errimatzen: Ikasleen sormena jarriko da jokoan laborategiko oinarrizko arauak labur ditzaten. 1 saio.

Notazio zientifikoa

Bi zeregin ditugu:

  • Handia eta txikia:  Ikasleek modu gidatuan lan egiten dute bi simulazio digitalekin, neurketa-unitateetan eta notazio zientifikoan trebatzeko. 1 edo 2 saio.
  • Neurriak ordenatzen: “Seiko urrean” erako karta-jokoa, taldean aritzeko, eta aurreko zereginaren helburu berberarekin. 2 saio.

Magnitudeak eta PISA probak

Jarduera eta PISA proba bat hartuko ditugu kontuan:

  • Bidaiatuko dugu New Yorkera?: Arazo-egoera, non ikasleek bidaia bat antolatzeko neurketa-unitateei buruzko ezagutzak aplikatu beharko dituzten. Ginkana erara dago antolatuta, txokoka.  2 saio.
  • Eguzki-kremak: PISAk liberatutako item bat da eta ikasleei eskatzen die metodo zientifikoa ondo ulertzea, hipotesiak egitea, aldagaiak aukeratzea eta esperimentazioaren emaitzak interpretatzea. 1 saio.

Eskolako 15 saio egiteko materiala dago, baina jarduera horietako batzuk ikasturtean zehar egin daitezke beste gai batzuekin lotuta. Batzuk, gainera, 4. DBHko Kultura Zientifikoko arlorako balio dute.

EBALUAZIOA

Hezkuntza Baliabide Ireki honen egitura berezia da, erronka eta jarduera desberdinek osatuta, elkarren artean gainjar daitezkeenak, gainera. Horregatik, ebaluazio-proposamen zehatz bat egin dugu erronka eta jarduera horietako bakoitzerako, balorazio-eskalen bidez. Irakasleak, erabiliko duen ibilbidea hautatu ondoren, ibilbide zabalago batean integratu beharko du, eta hor, nola ez, honako hauek ere sartu beharko dira: kontrol tradizionalak, ikasle bakoitzaren koadernoaren balorazioa eta sekuentzia didaktikoan egin daitezkeen beste lan edo produkzio batzuena.

Erronketan oinarritutako ikaskuntza ezartzen bada, elementu metakognitiboak ere sartu behar dira haren ebaluazioan, prozesuan zehar lortu dituzten edo lortu ez dituzten ikaskuntzei buruz hausnartu ahal izan dezaten ikasleek. Ildo horretan, ikaskuntza autoerregulatzeko estrategiak inplementatzeak (adibidez, ikaskuntza-egunerokoak, orientazio-oinarriak edo pentsamendu-errutinak aplikatzea) erraztu egiten du ikaslea beren lorpenez eta zailtasunez jabetzea.

Ebaluazio-proposamenak curriculumeko ebaluazio-irizpide eta -adierazle guztiak betetzen ditu, eta hainbat forma eta tresna biltzen ditu:

  • Ikaslearen autoebaluazioa
  • Ko-ebaluazioa, bikoteka edo ikasle-taldeka
  • Irakasleen ebaluazioak kontrol-zerrenden bidez, kontzeptuak ez ezik, jarreren behaketa ere kontuan hartuko delarik
  • Eztabaidetarako eta gogoeta pertsonaletarako orientazio-galderak, ikaskuntza-eguneroko gisa

Ikerketa-jarduera guztietan, gaiarekin ez ezik, lan eta metodo zientifikoarekin zerikusia duten kontzeptu, prozedura eta jarrerei buruzko irizpide komun batzuk ere zehazten dira:

  • Metodo zientifikoaren aplikazioa praktikan jartzeko ikerketa-lan txikiak garatu ditu: zientifikoki ikertu daitezkeen arazoak identifikatu ditu, eguneroko fenomenoak azaltzeko hipotesiak formulatu ditu, esperimentuetako datuak bildu, antolatu eta interpretatu ditu, eta hipotesia berrestera edo ez berrestera bideratutako azalpen arrazoituak eman ditu.
  • Laburbiltzeko txostenak egin ditu, behaketetatik edo esperientzietatik ondorioak ateratzeko, eta bere mailarako egokia den hiztegi zientifikoa behar bezala erabili du.
  • Informazio esanguratsua identifikatu, hautatu eta interpretatu du zientzia-dibulgazioko testu batean.
  • Laborategiko oinarrizko materiala hautatu eta kategorizatzen du, eta behar bezala erabiltzen du.
  • Laborategiko oinarrizko segurtasun-arauak ezagutu eta errespetatu ditu, eta erabilitako tresnak eta materiala zaindu ditu
  • Planteatutako galderei erantzunak bilatzean sormen handia erakutsi du.
  • Lan pertsonalean ahalegina eta autonomia erakutsi ditu, eta jarrera aktiboa eta arduratsua izan du zereginetan.
  • Talde-lanaren aldeko jarrera adierazi du, zereginetan lankidetza eta parte-hartze arduratsuko jarrerekin.
  • Eztabaidetan parte-hartze aktiboa izan du, arrazoiak eman ditu, eta txandak eta arrazoiak errespetatu ditu.
  • Naturaren fenomenoak ezagutzeko jakin-mina eta interesa erakusten du.
  • Ingurumenaren arloko testuinguru pertsonal eta sozialetan zientziak egiten dituen ekarpenak aztertzen ditu modu kritikoan.
  • Zientzian aritzen diren pertsonen lana baloratzen du eta haiei buruzko ikuspegi estereotipatuaz jabetzen da.

BIBLIOGRAFIA