Saltatu nabigazioa

- GIDA DIDAKTIKOA -

GOMENDIO OROKORRAK

Gida honetan, Hezkuntza Baliabide Ireki (HBI) honen ezaugarriei eta erabilerari buruzko orientazio orokorrak daude, erabilitako metodologia-estrategiak eta ebaluazioa. Baina, bere egitura berezia dela-eta, aparteko fitxa didaktiko bat eskaintzen da erronka bakoitzerako. Fitxetan orientabide zehatzak ematen dira, eta hauek zehazten: edukiak, landutako konpetentziak eta ebaluazio-proposamena.

PROIEKTUAREN CANVAS-A

HBI HAU NOLA ERABILI

«Higidura ikertzen» bosgarrena da DBHko 2. mailako Fisika eta Kimika ikasgaiko curriculuma lantzeko proposamen didaktikoetan. Ez dira ohiko unitate didaktikoak, ezta proiektu handiak ere, askotariko arazo-egoerak baizik, saio batzuetarako erronka txiki gisa planteatuak. Erronka bakoitza ikerketa-jarduera gidatu batzuk erabilita ebazten da, ekoizpen bati zuzenduak.

Erronka horiek testuinguruan jartzen dituzte curriculum-edukiak, eta baliagarriak izan daitezke irakasleentzat, bai beren eskolei ideia osagarriak emateko, bai zuzenean aplikatzeko. Irakasleak erabakitzen du, gaiaren une desberdinetan aplika baitaitezke, jarduera solteak aukeratuta edo eduki guztiak lantzen joanda. Proposamenak askotarikoak dira: laborategiko ikerketak, simulazio digitalak, irakurgai zientifikoak, jolas-jarduerak, manipulazio-jarduerak, eztabaidak eta PISAko gaiak.

Konpetentzia zientifikoa garatuko duten metodologia-estrategietan jarri da arreta, baina gainerako oinarrizko konpetentziak ahaztu gabe.

  • Erronka edo arazo-egoera gisa planteatutako ikerketak
  • Ikasketa-kooperatiboko eta talde-laneko dinamikak
  • Jokoak, jolas-jarduerak eta manipulazio-jarduerak
  • Simulazio digitalen erabilera
  • Eztabaidak

ERRONKEN EZAUGARRIAK

Dagoeneko, baliabide asko ditugu eskura irakasgai honetako gaiak garatzeko. Lan honetan, beste taxu edo norabide bat eskaini nahi dugu, ikerketan oinarritutako ikasketa (Inquiry based learning) bultzatuz, baina irakasleak gidatuta une oro, alde batera utzita aurkikuntza hutsaren bidezko ikasketaren ikuspegi xaloa, eta arreta jarrita argudiatzea eta pentsamendu kritikoa sustatuko duten jardueretan.

Oso garrantzitsua da azpimarratzea oinarrizko ezagutza ezinbestekoa dela ikerketan oinarritutako erronka bati heltzeko. Ikerketa-jarduerak eskatzen duen pentsamendua (hipotesiak egitea, esperimentazioa planifikatzea, emaitzak interpretatzea, ondorioak argudiatzea, etab.) ezin da gauzatu aldez aurretik behar diren ezagutzak izan gabe. Irakasleen lana, ezagutzak modu aktiboan eraikitzeari dagokionez (zuzeneko heziketa, kontzeptuen azalpena, adibideak, orientazioak, trebakuntza, etab.), beharrezkoa da erronken bidezko ikaskuntza-teknikek ikaskuntza sakona eragin ahal izateko.

Edukien bloke honetarako proposatutako zereginak eta jarduerak honako hauek dira:

Gorputzen higidura

Bi erronka ditu:

  • Hegan noa. Higiduraren kontzeptu fisiko batzuk lantzeko jarduera multzoa, hala nola ibilbidea, desplazamendua eta erreferentzia-sistemak lantzeko. Erabakiak hartu behar dira, ebidentzia fisikoan oinarrituta. 2 saio.
  • Lasterketa-animaliak. Jarduera honetan, animalia batzuen abiadurak alderatuko dira; horretarako, abiadura-unitateen bihurketak egin beharko dira. 1 saio.
Abiadura

Bi erronka ditu:

  • Azkar zabiltza? Zenbateraino?: Pertsona baten azkartasuna zer magnitude fisikoren mende dagoen ondorioztatzeko ikerketa. 2 saio.
  • Nork ordainduko du isuna? Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren bide-tarteko radarrak aitzakia bat izango dira ibilgailuen batez besteko abiadura lantzeko. Bideo interaktibo batekin egingo dugu lan. Horrez gain, aseguru-etxeetako perituen lana egingo dugu: istripu-txosten bat egin, eta grafikoen bidez dokumentatuko dugu. Ondoren, txostena aurkeztu, eta guztion artean eztabaidatuko dugu. 2 saio.

 

HZU

Bi erronkari helduko diegu:

  • Ibilian frogatzen da higidura : Erronka honen bidez, higidura zuzen uniformea ikertuko dugu modu esperimentalean, ikasgelan, laborategian, jolastokian nahiz etxean.  Esperimentu guztiak grabatu eta dokumentatuko dira. Azkenik, ikasleek poster zientifiko bat egin, eta ikastetxean jarriko dute erakusgai. 4-5 saio. 
  • HZU: simulazioa. Ikasleek modu gidatuan lan egingo dute hiru simulazio digitalekin, HZUaren grafikoetan trebatzeko. 1-2 saio.
Abiadura-aldaketak

Bost erronkari helduko diegu:

  • Laguntzen al du fisikak trafiko-istripuak murrizten? Ikasleek zenbait esperimentu egin eta bideo batzuk ikusiko dituzte, gure ikusmena motela dela frogatzeko. Erreakzio-denborak neurtuko dituzte. Esperimentuak egingo dituzte argiztapenak erreakzio-denboran nola eragiten duen ulertzeko. Erantzun-denbora kalkulatuko dute ikusmenak argi gutxirekin duen erreakzioaren arabera (erregela erortzen utzita). Ibilgailu batek geratzeko behar duen distantzia kalkulatuko dute, baita segurtasun-tartea ere. Horrek guztiak erabakiak ebidentzia zientifikoetan oinarrituz hartzen laguntzen du. Amaitzeko, zirkulazio-arauen eta bide-segurtasunaren inguruko eztabaida izango da. 5 saio. 
  • Gainazal labainkorrak. Ikasleek marruskadura-indarrak ikertuko dituzte, eta objektuen higidurari nola eragiten dioten aztertuko dute. Talde bakoitzak poster zientifiko bat egingo du ikerketen emaitzekin eta ateratako ondorioekin, eta ikasgelan aurkeztuko du. 4-5 saio.
  • Indarra eta azelerazioa. Ikasleek, lehenik, Google-ren Science Journal aplikazioa eta horren azelerometroa erabiltzen ikasiko dute.  Aplikazioko azelerometroa nola erabili ikasi ondoren, beren autoa eraiki, eta indarraren eta azelerazioaren artean zer erlazio dagoen ikertuko dute. Talde bakoitzak bere autoa eta ikerketaren emaitzak aurkeztuko dizkie ikaskideei. 2 saio.
  • Truko itzelak.  Zortzi esperimenturen bidez, ikasleek truko «zientifiko» batzuk prestatuko dituzte, higiduraren legeak oinarritzat hartuta. Trukooi esker, festako “izarrak” izango dira. Praktikatu ondoren, erakustaldi bat egingo dute lehen mailako ikaskideen aurrean, «Magia Newtonekin» saioaren bidez. 5 saio.
  • Autotxokeak. Autotxokeetako bizipenetan oinarrituz, talkak baliagarriak izango zaizkigu Newtonen bigarren eta hirugarren legeak modu dibertigarrian aztertzeko. Masak objektu baten azelerazioari nola eragiten dion ikertuko dute ikasleek, eta poster zientifiko bat egingo dute ikerketaren emaitzarekin. 2 saio.

32 saiorako adina material dago, baina irakasleek, jakina, ikasleekin egin nahi dituzten erronkak hautatu beharko dituzte, ikasleen ezaugarrien arabera. Zereginetako batzuk ikasturtean zehar egin daitezke, beste gai batzuekin batera. Batzuek, gainera, DBH 4. mailako Kultura Zientifikoko arlorako balio dute.

EBALUAZIOA

HBI honen egitura berezia da, erronka eta jarduera desberdinez osatua, eta horiek elkarren artean gainjarri daitezke, gainera. Horregatik, ebaluazio-proposamen zehatz bat egin dugu erronka eta jarduera horietako bakoitzerako, balorazio-eskalen bidezIrakasleak, erabiliko duen ibilbidea hautatu ondoren, ibilbide zabalago batean integratu beharko du, eta hor, nola ez, honako hauek ere sartu beharko dira: kontrol tradizionalak, ikasle bakoitzaren portfolioaren balorazioa eta sekuentzia didaktikoan egin daitezkeen beste lan edo produkzio batzuena.

Erronketan oinarritutako ikaskuntza ezarriko bada, elementu metakognitiboak ere sartu behar dira haren ebaluazioan, ikasleek hausnarketa egin ahal izan dezaten prozesuan zehar lortu dituzten edo lortu ez dituzten ikaskuntzei buruz. Ildo horretatik, ikaskuntza autoerregulatzeko estrategiak inplementatzeak (adibidez, ikaskuntza-egunerokoak, orientazio-oinarriak edo pentsamendu-errutinak aplikatzea) erraztu egiten du ikaslea beren lorpenez eta zailtasunez jabetzea.

Ebaluazio-proposamenak curriculumeko ebaluazio-irizpide eta -adierazle guztiak betetzen ditu, eta hainbat forma eta tresna biltzen ditu:

  • Ikaslearen beraren autoebaluazioa
  • Koebaluazioa, bikoteka edo ikasle taldeka
  • Irakasleen ebaluazioak kontrol-zerrenden bidez, kontzeptuak ez ezik, jarreren behaketa ere kontuan hartuta
  • Eztabaidetarako eta gogoeta pertsonaletarako orientazio-galderak, ikaskuntza-eguneroko gisa

Ikerketa-jarduera guztietan, gaiarekin ez ezik, lan eta metodo zientifikoarekin zerikusia duten kontzeptu, prozedura eta jarrerei buruzko irizpide komun batzuk ere zehazten dira:

  • Metodo zientifikoaren aplikazioa praktikan jartzeko ikerketa-lan txikiak garatu ditu: zientifikoki ikertu daitezkeen arazoak identifikatu ditu, eguneroko fenomenoak azaltzeko hipotesiak formulatu ditu, esperimentuetako datuak bildu, antolatu eta interpretatu ditu, eta hipotesia berrestera edo ez berrestera bideratutako azalpen arrazoituak eman ditu.
  • Laburbiltzeko txostenak egin ditu, behaketetatik edo esperientzietatik ondorioak ateratzeko, eta bere mailarako egokia den hiztegi zientifikoa behar bezala erabili du.
  • Informazio esanguratsua identifikatu, hautatu eta interpretatu du zientzia-dibulgazioko testu batean.
  • Laborategiko oinarrizko materiala hautatu eta kategorizatzen du, eta behar bezala erabiltzen du.
  • Laborategiko oinarrizko segurtasun-arauak ezagutu eta errespetatu ditu, eta erabilitako tresnak eta materiala zaindu
  • Sormena erakutsi du planteatutako galderei erantzunak bilatzerakoan.
  • Ahalegina eta autonomia erakutsi ditu lan pertsonalean, eta jarrera aktiboa eta arduratsua zereginetan.
  • Talde-lanaren aldeko jarrera adierazi du, zereginetan lankidetza eta parte-hartze arduratsuko jarrerekin.
  • Eztabaidetan parte-hartze aktiboa izan du, arrazoiak eman ditu, eta txandak eta arrazoiak errespetatu ditu.
  • Naturaren fenomenoak ezagutzeko jakin-mina eta interesa erakutsi du.
  • Modu kritikoan aztertu du zientziak zer ekarpen egiten duen ingurumenaren arloko testuinguru pertsonal eta sozialetan.
  • Zientzian aritzen diren pertsonen lana baloratu du, eta haiei buruzko ikuspegi estereotipatuaz jabetu da.

 

BIBLIOGRAFIA