Batzuetan, gustura izango ginateke festako “izarra”, ezta? Bada, fisika lagungarri izango zaigu!
Demagun gure lagunik onenaren urtebetetze-festa prestatzen ari garela, azterketen ondorengo eguna ospatu nahi dugula edo, besterik gabe, ederki pasa nahi dugula. Festa bikain bat antolatu duen edonork daki nola lortu arrakasta: une oro giro ona sortuz, giroa bizirik mantenduz eta festa paregabe bihurtzen duten xehetasun guztien bidez.
Sinesgaitza dirudien arren, higiduraren legeak, Newtonek duela zenbait mende zehaztu zituenak, hainbat trukoren oinarria izan daitezke, eta, horiei esker, anfitrioirik onenak izango gara, edo festako izarrak. Ezagutu nahi?
Truko itzelak
Iraupena:
4 saio / 4 ordu
Taldekatzea:
bikoteka
Trukoekin hasi aurretik, gogora dezagun Isaac Newtonek honela enuntziatu zituela higiduraren funtsezko hiru legeak:
Inertziaren printzipioa: «Gorputz bati indar batek ere ez badio eragiten, ez zaio abiadura aldatuko. Geldi badago, geldi jarraituko du; higitzen ari bada, higitzen jarraituko du, abiadura uniformearekin».
Dinamikaren oinarrizko printzipioa: «Gorputz bati indar batek eragiten badio, abiadura aldatuko dio».
Akzio eta erreakzioaren printzipioa: «Gorputz batek beste bati indar egiten badio (akzioa), bigarren horrek lehenengoari indar berdina egingo dio, baina kontrakoa (erreakzioa)».
Gure truko «zientifikoak» gelan prestatuko ditugu. Hartara, ikasteaz gain, «txuleta» bat edukiko dugu, trukoak gure festan erabiltzeko. Horiek entseatzeko, erakustaldi bat egingo dugu lehen mailako ikaskideen aurrean, «Magia Newtonekin» izeneko saioaren bidez.
Taldeka egingo dugu lan gelan, eta esperimentu guztiak egingo ditugu. Hala ere, ondoren, lana banatuko dugu, eta talde bakoitzak erakustaldi bat egingo du.
Prozedura honi jarraituko diogu:
Jarraibideak irakurriko ditugu, eta hipotesi bat egingo dugu.
Esperimentuak egin, eta emaitzak idatziko ditugu.
Gertatutakoaren eskema egingo dugu, eta emaitza interpretatuko dugu Newton «magoaren» legeen arabera.
Informazio gehiago bilatuko dugu kasuan kasuko Newtonen legeari buruz.
Esperimentu bakoitza egin ondoren, taula hau beteko dugu:
Gertatutakoaren eskema egingo dugu, eta emaitza interpretatuko dugu Newtonen legeen arabera
Informazioa bilatuko dugu legearekin lotura duten eguneroko gertakariei buruz
Harrapatu txanpona!
Materialak:
txanpon bat
karta bat
edalontzi bat ur
Prozedura
Karta edalontziaren gainean jarriko dugu, erdi-erdian, eta kartaren gainean, txanpona.
Karta atera beharko dugu, txanpona mugitu gabe; horretarako, hatzekin bultzatuko dugu. Zer gertatuko da?
Hipotesi bat proposatuko dugu.
Orain, saiakera bat egingo dugu. Kartari kolpe txiki bizkor-bizkor bat emango diogu hatz erakuslea edo erdiko hatzarekin, erpuruaz lagunduta.
Zer gertatu da?
Harrapatu billetea!
Materialak
bankuko billete bat (berri samarra)
beirazko botila bat, litro erdi edo litro batekoa
gainazal leuneko mahai bat
Prozedura
Billetea jarriko dugu buruz behera dagoen botila baten azpian. Botilaren lepoa lehor dagoela ziurtatu behar dugu. Bestela, hezetasunak nabarmen areagotuko du marruskadura, eta zaila izango da trukoa ondo egitea.
Kendu dezakegu billetea botila ukitu edo bota gabe? (Pista: pentsatu botila zer indarren mende dagoen, eta horiek nola murriztu)
Hipotesi bat proposatuko dugu.
Saia gaitezen. Azkar-azkar egingo diogu tira billeteari.
Zer gertatu da?
Are zailago!
Materialak
bankuko billete bat (berri samarra)
beirazko bi botila, litro erdi edo litro batekoak
gainazal leuneko mahai bat
Prozedura
Kendu dezakegu billetea botila ukitu edo bota gabe?
Hipotesi bat proposatuko dugu.
Saiakera bat egingo dugu: Azkar-azkar egingo diogu tira billeteari.
Zer gertatu da?
Mahai-zapiaren trukoa
Materialak
banako mahai-zapi bat
hainbat objektu (kopak, kikarak, platerak, etab.)
Prozedura
Saiatuko gara orain mahai-zapiaren truko ospetsuarekin? Kendu dezakegu, gainean dauden objektuak bota gabe?
Hipotesi bat proposatuko dugu.
Saia gaitezen. Azkar-azkar egingo dugu tira mahai-zapitik.
Zer gertatu da?
Trukoa beste material sinpleago batzuekin egin daiteke, badaezpada ere. Adibidez, mahai-zapiaren ordez, paperezko orri bat erabil daiteke, eta, gainean, urez betetako plastikozko botila itxi bat jarri. Orria mahaiaren ertzean jarriko dugu, erdia kanpoan; beste erdiaren gainean, urez betetako botila jarriko dugu. Aurreko urratsak errepikatuko ditugu.
Gordinik ala egosita?
Materialak
arrautza gordin bat
arrautza egosi bat
Prozedura
Arrautzak jirabiraka jarriko ditugu bere ardatzaren inguruan; ondoren, higidura geratuko dugu, eskuarekin, ukitu arin batez.
Gure hipotesia planteatuko dugu: geratu egingo dira edo zertxobait mugitzen jarraituko dute?
Saia gaitezen. Arrautza egosia jirabiraka jarriko dugu bere ardatzaren inguruan; ondoren, eskuarekin geratuko dugu, ukitu arin batez. Eskua altxatu, eta zer gertatu den aztertuko dugu.
Gauza bera egingo dugu arrautza gordinarekin.
Zer gertatu da?
Patata eta ontzia
Materialak
Patata bat
Ontzi bat
Prozedura
Ikasgelatik mugituko gara patata batekin eta ontzi batekin; patata ontzian sartzen saiatuko gara, mugitzeari utzi gabe. Patata ontzira eroriko al da?
Gure hipotesia planteatuko dugu.
Saia gaitezen. Patata hartuko dugu esku batekin, eta goian eutsiko diogu. Beste eskuarekin, ontzia hartuko dugu. Ikasgelatik ibiliko gara; patata eta ontzia perpendikular mantendu behar ditugu. Ibili bitartean, patata askatzen saiatuko gara. Zenbait saiakera egingo ditugu.
Zer gertatu da?
Harrapatu airean!
Materialak
50 cm inguruko luzera eta 1-2 cm-ko diametroa dituen barra bat, ez oso astuna (zurezko barra ezin egokiagoa da).
Prozedura
Bi pertsona behar dira: batak barra askatuko du; bestea barra harrapatzen saiatuko da. Batak barrari eutsiko dio sorbaldaren parean. Besteak eskuak jarriko ditu barraren gainean, barratik 20 cm-ra. Barrari eusten dionak ezer esan gabe askatuko du, eta bestea barra harrapatzen saiatuko da. Hartuko al du barra lurrera iritsi aurretik?
Gure hipotesia planteatuko dugu.
Saia gaitezen. Batak barrari eutsiko dio sorbaldaren parean. Besteak eskuak jarriko ditu barraren gainean, barratik 20 cm-ra. Barrari eusten dionak ezer esan gabe askatuko du, eta bestea barra harrapatzen saiatuko da.
Aurreko prozedura errepikatuko dugu behin baino gehiagotan.
Zer gertatu da?
Motorizatuta, hobeto
Materialak
2 skate (edo patin)
1 zinta metriko
Prozedura
Pertsona bat skate gainera igoko da; bestea aurrez aurre jarriko zaio, zutik. «Motorizatuak» besoarekin egingo dio bultza zutik dagoen pertsonari, eta zenbat distantzia higitu den neurtuko da.
Gauza bera egingo dugu, baina bi pertsonak egongo dira skate banaren gainean. Pertsonen pisua kontuan hartuta, zer gertatuko da?
Gure hipotesia planteatuko dugu.
Saia gaitezen.
Aurreko prozedura errepikatuko dugu.
Zer gertatu da?
Ebaluazioa eta hausnarketa
Behin zeregina amaituta, une aproposa da hausnarketa egiteko gure ikaskuntza-egunerokoan. Hona iradokizun batzuk: