Arrantza
Euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana aztertzean, ezinbestekoa da arrantzak izan duen garrantzia azpimarratzea, bai jarduera ekonomikoan, baita euskaldunen identitate kulturalean ere (dantzak, kirolak, gastronomia…). Historian zehar, arrantza oso garrantzi handiko ekonomia-jarduera izan da euskal kostaldean, eta betidanik euskaldunok arrain-kontsumitzaile handiak izan gara.
Erdi Arotik, euskal lurraldeetan bi arrantza mota egiten ziren: ibaiko arrantza eta itsasokoa. Ibai eta erreketako arrantza zegoen. Amuz zein sarez arrantzatzen zen, baita urak kare bidez kutsatuz ere. Errekako espezie estimatuenak izokina, aingira, gaizkata eta kolaka ziren.
Baina Behe Erdi Aroan indarra hartu zuen itsasoko arrantzak, ibaietakoak baino askoz jende gehiago enplegatzen baitzuen. Lehenago, XI. mendean, itsas arrantza-jarduerak oso urriak izan ziren euskal kostaldean. XII.-XIII. mendeetatik aurrera, aldiz, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldea indartu egin zen. Hiribilduak fundatzeak bultzada ekonomikoa eman zien kostaldeko hainbat guneri, besteak beste, Portugalete, Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Mutriku, Zumaia, Getaria, Orio, Donostia, Hondarribia, Biarritz eta Baionari. Euskal arrantzaleek espezie asko harrapatzen zituzten, hala nola sardina, bisigua, legatza, antxoa, itsas aingira eta meroa.
Aro Modernoan, euskaldunak kostaldetik hurbil aritzen ziren. Eta XII. mendetik aurrera nahiko arrunta zen balearen ehiza Bizkaiko golkoan. Harrapaketa horien ondorioz, baleak gutxitzen edo urruntzen joan ziren heinean, arrantzaleek ere kostaldetik urrundu egin behar izan zuten. Arrantza hura iparraldeko itsasoetara zuzendu zen: Islandia, Groenlandia eta Ternua aldera.
Itsasoko arrantzan, bakailaoa eta balea etekin handiena eskaintzen zuten jarduerak ziren, baina ez bakarrak. Gipuzkoan, Bizkaian eta Lapurdin beste arrain batzuk ere harrapatzen jarraitzen zuten, besteak beste, legatza, itsas aingira eta bisigua.