José Domingo de Mazarredo
Bizkaiako marinel militarra eta zientzialaria (Bilbo, 1745 - Madril, 1812). Aurrerapen zientifikoarekin eta marinelen prestakuntzarekin konprometitutako itsasgizon bikaina izan zen.
Mazarredo 14 urterekin sartu zen Cadizko Errege Zaindarien Konpainian, irakaskuntza militarrera zuzendutako erakundean alegia. Karrera militar arrakastatsua garatu zuen, eta 1798an kapitain jeneral izendatu zuten. Militar gisa itsas gudu ugarietan parte hartu zuen arrakasta handia lortuz.
Hala ere, Mazarredoren bizitzan alderdi zientifikoa izan zen nabarmenena. Bere dohainei esker, itsaso barnean latitudea eta longitudea neurtzen aditua egin zen. Are gehiago, trebetasun hori erabili zuen Espainiako eta Afrikako kostaldeko leku askoren kokapen zehatza kalkulatzeko. Bestalde, beste aurrerapen batzuk ere lortu zituen nabigazioari dagozkion eremuetan, hala nola marinelen prestakuntzan, hidrografian eta ontzigintzan. Marinelek itsasontzietan bete beharreko diziplina-arauak ere finkatu zituen.