Natur Zientziak. DBH 1.
Disolbagarritasunari buruzko esperimentua
Zuhaitzeko puntua: Lurra Unibertsoan / Materia Unibertsoan / Substantzia puruak eta nahasteak. Homogeneoa eta heterogeneoa.
  Metodologiarako iradokizunak Baliabideak eta jarduerak
HELBURU KONTZEPTUALA

Excel bidezko simulatzaile honek zenbait substantziak uretan zenbateko disolbagarritasuna duten jakiteko balio du, bai eta tenperatura disoluzio-prozesuan zein garrantzitsua den jakiteko ere.

HELBURU PEDAGOGIKOA

“Disolbagarritasunaren eredua” izeneko simulatzaileari nahiz ikasgai planeko jarduerei esker, materia substantzia purutan eta nahastetan sailkatzen dela jakingo dute ikasleek, eta nahaste homogeneoak edo disoluzioak eta nahaste heterogeneoak bereizten ikasiko dute, gainera.

Baliabide hau zabaltzeko jarduera gisa erabil daiteke, ikasleek uler dezaten disolbagarritasunak, propietate bereizgarria izanik, substantzia puruak identifikatzeko balio duela.

ALDERDI INTERESGARRIAK
Baliabidea ikusi aurretik:
  • Ikasleek termino hauek ongi ulertzea eta bereiztea:
    - Substantzia disolbagarria eta disolbaezina.
    - Solutua, disolbatzailea eta disoluzioa.
    - Disoluzio kontzentratua, diluitua eta asea.

Baliabidea ikusi bitartean:

  • Substantzia bakoitzak disolbagarritasun jakin bat duela azaltzea, eta, beraz, disolbagarritasuna propietate bereizgarri bat denez, substantzia puruak identifikatzeko balio digula ulertaraztea.
  • Disolbagarritasuna solutu motaren eta tenperaturaren araberakoa izaten dela azpimarratzea. Komenigarria litzateke, bestalde, ikasleei gertukoak izango zaizkien zenbait adibide praktiko jartzea, tenperaturak disolbagarritasunean zer-nolako eragina duen uler dezaten.
  • Disolbagarritasuna 100 g disolbatzailetan disolbatutako solutu gramotan adierazten dela azaltzea.
  • Oro har, tenperatura zenbat eta handiagoa, disolbagarritasuna ere orduan eta handiagoa izaten dela ohartaraztea.
  • Gasek likidoetan duten disolbagarritasuna ere aldatu egiten da, tenperaturaren arabera, baina solidoekin kontrakoa gertatzen da: tenperaturak gora egin ahala, disolbagarritasuna txikitu egiten da. Horren berri ere eman diezaiekezue ikasleei, bitxikeria gisa.
LAN EGITEKO MODUA
Banaka, ikasleek materiaren zenbait propietateren berri izan dezaten, esperimentu bidez.
ORIENTABIDEAK

    1. Simulatzailearen bidez lanean aritu ondoren, proposatu ikasleei etxean esperimentu hau egiteko: gatza eta azukrea hartu, eta beti ur kantitate berean, baina uraren tenperatura aldatuta, zenbait gatz eta azukre kantitate disolbatu. Esperimentua egin ondoren, ikasleek, banaka, gainerako guztiei azalduko dizkiete nork bere ondorioak.

    2. Proposatu ikasleei ikasgelan disolbagarritasunari buruz landutako kontzeptuak agerian utziko dituzten zenbait kasu praktiko ikertzeko:
    -Edari karbonikoak zergatik disolbatzen dira hobeto presio handiko ontzietan?
    -Kutsadura termiko batengatik-edo uraren tenperatura handituko balitzaie, zer gertatuko litzaieke ibaietako arrainei?
    -Disoluzio bat prestatzean, zergatik berotzen dugu ura?
    -Ugaltzeko, izokinak igo egiten dira itsasotik ibai-burura. Non izango dute arnasa hartzeko oxigeno gehiago, itsasoan ala ibaiaren sorburuan?

JARDUEREKIKO LOTURA
  • 1. eta 4. jardueren bidez (“Nahaste homogeneoak” eta “Substantzia puruak eta nahasteak”), ikasleek materiaren sailkapenari buruz dakitena indartuko dute, nahaste motak eta substantzia puruak bereizita.
  • 2. jardueraren bidez (“Disoluzioen ezaugarriak”), disoluzioen ezaugarriekin eta osagaietan lotutako edukiak indartuko dituzte.
  • 3. jardueraren bidez (“Substantziak banantzea”), nahasteen osagaiak banantzeko teknikei buruz dakitena zabaltzeko aukera izango dute ikasleek.
© Santillana en Red 2004