Saltatu nabigazioa

Oinarriak

Jarduera zabalgarria

Irakurri testua eta erantzun ulermen galderei

 

OINARRIAK: LURRA, URA ETA ARGIA (segi irakurtzen)

OINARRIAK: LURRA, URA ETA ARGIA

BARATZEA NON EGIN?

Jakoba Errekondo. Bizi Baratzea (16-19. or.)

Baratzeak maiz azaltzea eskatzen du.

Lanak behar bezala burutzeko, hau da, garaian garaikoa garaiz egin ahal izateko, garrantzitsua da erraztasuna. Narraskerian eta lardaskan ez ibiltzeko, aukeratu aise bertaratzeko moduko toki bat.

Toki bakoitza bakarra da. Ez dago horrelako beste bat. Baratze bakoitzak bere mikroklima izango du. Baratzea non egin aukeratzean, gogoan hartu hiru gauza: lurra, ura eta argia . Ahal den eta lur onena duen tokia aukeratu: erriberak, lur sakonak eta harroak, eguterak... Noizbait baratzea izandako sailak, adibidez, lan erdia emango digu. Ahaztu lurra ez beste gaiekin egindako betelanak (eraikuntza- edo harrobi-hondakin, zabor...) eta buztin-lur itoak, edo prestatu lana latz egiteko.

Argia behar-beharrezkoa dute landareek bizi ahal izateko. Etxe barruan bizi diren landareek ederki erakusten digute: begira nora okertzen diren, argi bila beti. Zenbat eta eguzki gehiago, orduan eta barazki hobeak. Eguzki-begia aukeratu, hegoaldera begirako isuri handirik gabeko lur-saila, onena. Gutxienez sei ordu eguzki behar direla esan ohi da. Kontuz inguruko zuhaitzekin eta basoekin: iparraldean bale, baina beste aldeetakoren batean egonez gero, goizean ez bada arratsaldean itzalpean hartuko dute baratzea.

Barazki guztiek ez dute argi-premia bera; batzuk erdi itzaletan ere ederki hazten dira. Aho-sabaiak ere erakutsiko digu: erdi itzaletan hazitako barazki batzuk, samurragoak, bigunagoak, finagoak, mamitsuagoak, gozoagoak izango dira. Geurea bezala, haien azala erre eta zakartzen du eguzkiak. Beste batzuk, aldiz, eguzki betean alde ederreko usaina eta zaporea hartuko dute. Landareak zimel-zimel eginda ikusi nahi ez baditugu, ez ditugu egarriak eduki behar. Hazitegiak eta landare aldatu berriak, itsatsi artean, ureztatu beharko dira. Sasoi bero eta lehorretan baita baratze osoa ere. Ura, halaber, lanabesak eta barazkiak garbitzeko beharko dugu Iturriko urik ez badago, zer edo zer asmatu beharko da premiazko beharrak aseko dituen euri-ura bildu eta jasotzeko.

Haizea ere aditu beharko dugu. Beti ona da haize nagusien aldetik babesen bat eraikitzea (… )

Baratzean geuk jango duguna landuko dugu; kontuan izan, zenbat erein edo aldatu erabakitzean. Landare asko batera jartzea baino, hobe landaketak tartekatzea. Tamainako lana eta tamainako uzta, eta, ahal bada, etengabekoa. Baratzeak, baita, berarekin dakar uzta-soberakinak jasotzeko teknikak ikastea ere: marmeladak, ozpinetakoak , ontziratzea, kontserbatzea… Gaitu zaitez. Urtea luzea da, eta zenbaitek sasoiko uztak urte osorako egiten ditu.

LURRA ETA BERE HIRU EMEAK

Lurra m hizkiz idatzi beharko genuke. Ez bat eta ez bi, funtseko hiru m-k osatzen baitute lurra: mineralek, materia organikoak eta mikroorganismoek. Hiru horien elkarlanak lurrari bizirik eusten dio, eta hori da baratze osasuntsu eta oparo baten oinarria. Zenbat eta biziago lurra, orduan eta uzta aberatsagoa. Horrexegatik, besterik ez bada, ez genuke inoiz pozoirik erabili behar. Pozoiek gure barazkien arerioak hiltzen dituzte, baina baita lagunak ere.

Mineralak dira lurraren osagarri nagusiak. Lurpe sakonean dauden harkaitzetatik edo sail horretara kanpotik (uholdeek, jendeak … ) ekarritako harrietatik askatzen dira. Mineral-ongarriak emanez, lurra mineral jakin batzuetan aberasten da.

Materia organikoa da lurraren motorra, lurraren biziaren motorra. Usteltzen ari den edozein bizidunen hondarra da materia organikoa: simaurra, luarra, orbela, inaurkina … Ongarri organikoak piztu egiten du lurra. Usteltzea mikroorganismoek eragiten dute. Organiko asko badago, hobea izango da lurraren egitura eta oparoago biziko dira mikroorganismoak. Horien lanak ongarri mineralak askatzea dakar, bai organikotik bertatik, baita lurretik ere. Lurra piztu eta mineralez aberaste horrek baratzea biziberritzea dakar, eta alde ederrean etorriko dira gure landareak!

Birziklatze-faktoria erraldoi bat da lurra. Bertan milioika eta milioika bizidunek lan egiten dute. Handi eta ttiki, azken horiek dira gehiengoa: mikroorganismoak. Denetik dago: armiarma, zizare,  nematodo, alga, onddo, bakterio … Etenik gabe lan egiten dute, bakoitzak bere barrutian; batzuek azalean, besteek lur sakonetan. Haiei eskerrak, ustelduko da materia organikoa eta eutsi ahal izango zaio lurraren egiturari. Lan horren ondorioz, lurra bizirik egongo da, etengabe gal-galean, bor-bor. Horrek landareen bizimodua erraztu eta bizitza kalitatea hobetu egingo du.

Mikroorganismo bizidun ttikiek beren lana ongi eta lurra bizi-bizi egoteko, airea behar da. Uzta kaskarra emango du lur itoak, urez aseak, ongi aireztatu gabekoak. Lurpeko bizitza apaldu egingo da, lurra bera pobretu, sustraien lana zaildu, eta landareak bizi baino iraun egingo du …

 (... )

 

1- Non jarri baratzea? <

  1. Berdin dio non.
  2. Aise lardaskatzeko moduko lekuan.
  3. Ganorazkoa izango bada, gertu.

5- Baratzean geuk jango duguna landuko dugu < .

  1. baratzean uzta jasotzeko teknikak ere ikasi behar dira
  2. zenbat eta lan gehiago egin, orduan eta uzta oparoagoa izango dugu
  3. landare asko batera jarriz gero, uzta tartekatu egingo zaizu.

2- Tokiak berebiziko garrantzia izango du baratzea egiteko, < .

  1. eguzkiak ondo jotzen duen tokiak onak izango dira
  2. noizbait baratzea izandako lur-sailak ez dira oso egokiak
  3. eraikuntza hondakinak oso onak izan daitezke gure baratzerako

6- Funtsezko hiru m-k osatzen dute lurra, < .

  1. hirurak batera, baratzearen euskarri
  2. uzta aberatsa nahi badugu, barazkien arerioak pozoitu behar ditugu
  3. pozoiek barazkien arerioak hiltzen dituzte baina baita mineralak ere

3- Argizaleak dira landareak, horrenbestez, <   .     

  1. leku eguzki-begian jarri zure ortua
  2. egin ezazu baratzea zuhaitz artean edo basoaren iparraldean, argiari probetxua atera nahi badiozu
  3. arratsaldean ez bada, goizean harrapatuko du itzalak zure baratzea

7- Materia organikoa lurraren motorra da, < .

  1. Baratzea biziberritu egingo da, materia organikoak zer usteldu baldin badu
  2. Baratze biziberrituan ederki haziko da landarea
  3. Ongarri organikoek mikroorganismoak usteltzen laguntzen dute

4-Landare guztiek ez dituzte premia berak < .

  1. batzuek ez dute hainbesteko argitasunik behar
  2. baina hori bai, baratzeko landareak etengabe ureztatzeko eskatzen ibiliko dira
  3. azala zakartutako landareak dira usain eta zapore handiena hartuko duten landareak

Gaitu JavaScript