Jarduera zabalgarria
Aukeratu hitz egokia hutsune bakoitzerako.
Dieta
Idurre Eskisabel. Berria, 2014-01-19
Elik hirugarren eguna du gaurkoa kuia eta apio purea besterik ez duela jaten; beste zazpi eta erabat garbi izango du gorputza.Hala espero du, hala behar du, hala agindu dio naturopatak. Eli zikin sentitzen baita aspaldian, eta dagoeneko ez baitaki zer egin.
Jertse beltz bat estreinatu zuen egunean hasi zen bere zikinkeriaz jabetzen, di-da batean sorbalda biak zoldaz zurituta baitzeuzkan. Ilea koipez gainezka zuela konturatu zen handik pare bat egunera. Aurpegia eta bizkarra zaldarrez betetzea izan zen hurrena; eskuetan garatxoak ateratzea gero, eta, lasterrera, ekzemak ukondoetan. Baina txarrena izan zen sumatzea arnasa kirats bihurtu zitzaiola, eta izerdi atsitu bat zeukala larruazal guztian itsatsita egun eta gau. Zikin sentitzen da, bere buruari nazka emateraino.
Elik garbitze neurri guztiak gainditu ditu: xaboi, desodorante, lurrin eta ukendu garestienak probatu, eta egunean zazpi aldiz dutxatzera iritsi da. Guztia alferrik denez, zikina barrutik datorkiola ondorioztatu, eta lagun batek aholkatutako naturopatarekin hasi da. Kuia eta apioaren dieta garbitzailea du orain itxaropen.
Tarteka zalantzatxo batek artegatzen du, ordea: atxikita daraman zikinkeriak ba ote duen zerikusirik bankuan lanpostu hobea eman ziotenetik sinatzen duen etxe desjabetze agindu mordoarekin.