Taldeak antolatu al ditugu dagoeneko? Are gehiago, sortu al dugu logotipo bat gure taldearen irudi izateko? Talde-irudi horrek erromatarren munduarekin izan dezake zerikusia, edo, akaso, mundu horren jatorriarekin.
Zibilizazio guztiek sortu izan dituzte kontakizun mitologiko jakin batzuk, eta, horien bidez azalpena ematen zaio beldurtzen gaituen, harritzen gaituen edo axola digun guztiari. Inguruan dugun guztia —ilunsenti eder batetik hasi eta lurrikara baten ondorio suntsitzaileenetaraino— ulertzeko beharraren eraginez sortzen dira kontakizunok. Era berean, hiri batzuen jatorri berezia azaltzeko ere kontakizunak asmatu zituen gizakiak. Erromaren jatorriaren berri emateko, adibidez, gizakien eta jainkoen arteko harremanak oinarritzat hartuta, jeloskortasunez, maitasunez eta heriotzaz betetako kondaira sortu zen.

Atal honetan, Erromaren jatorriari buruzko probak sortuko ditugu gure mahai-jokorako. Horretarako:
- Erromaren jatorriari buruz ikertuko dugu.
- Iturriak aztertzen eta fidagarriak diren ala ez bereizten ikasiko dugu.
- Sarrera bat idatziko dugu gure blogean.
- Eta ezagutza-probak egingo ditugu gure mahai-jokorako.