Orientabideak
Orientabide metodologikoak
1. jarduera. Azalerak nola neurtzen diren ikasten (1 saio)
Proposatzen den lehen jardueraren helburua da ikasleek poligonoen kalkuluan erabiltzen diren formulak
ulertzea. Horretarako, garrantzi handia du irakasleek jarraibideak eta laguntza ematea ikasleei; izan ere, xedea ez da ikasleek
beren kabuz ulertzea kalkulurako formulei dagozkien nozio eta kontzeptuak, irakasle eta ikasleen arteko elkarrekintzaren
bidez baizik.
Horren harira, egiturazko gaiei buruzko galderak egin beharko genizkieke ikasleei, esate baterako:
- Infinitu dira dimentsio desberdinak izan arren azalera bera duten irudiak. Esate baterako, 12 unitate koadroko laukizuzen
bat dugula, infinitu dira bi zenbaki biderkatuz kantitate hori lortzeko aukerak. Zenbaki osoak erabiliz: 1 x 12 ;
2 x 6 ; 3 x 4 eta abar. Zenbaki hamartarrak erabiliz: 1,2 x 10 ; 1,6 x 7,5 ; 2,5 x 4,8
eta abar.
- Zenbait irudik azalera bera izateak ez du esan nahi perimetro bera dutenik. Adibidez, aurreko adibidea kontuan hartuz:
Oinarria
| Altuera
| Laukizuzenaren azalera
| Laukizuzenaren perimetroa
|
1 unitate
| 12 unitate
| 12 unitate koadro
| 26 unitate
|
2 unitate
| 6 unitate
| 12 unitate koadro
| 16 unitate
|
3 unitate
| 4 unitate
| 12 unitate koadro
| 14 unitate
|
- Azalerak eta haien unitateak gure eguneroko bizitzan: azalerak neurtzeko beharra azpimarratu behar da eta ikasleek
inguruan egiten diren neurketez ohartu behar dute.
- Metro koadroa. Abesti baten letra aztertzea proposatzen bada ere, beste testuinguru bat ere erabil daiteke, nahi izanez
gero. Horrezaz gain, azpimarratu behar da metro koadro batek ez duela zertan metro bateko aldea duen karratuaren forma izan.
Izan ere, laukizuzenaren forma ere eduki dezake (esaterako, 2 metroko oinarria eta metro erdiko altuera duena) edo triangeluarena
(esaterako, 2 metroko oinarria eta metroko altuera duena) eta abar. Abestia hausnarketa eragiteko bitarteko gisa erabiltzen
bada, berriz, ikasleek aztertu beharko dute zein den harrizko hesiz inguratutako metro koadro batean sagarrondo bat edukitzeko
aukera erreala, eta beraz, abestiak zentzu metaforikoa duela ondorioztatu beharko dute (jabetza pribatua eta tradizioa defendatzea,
esaterako).
Ikasle eta irakasleen arteko bateratze-lanak kontzeptuak osatzen eta oker ulertutakoak zuzentzen lagun dezake.
Joan 1. jarduerara
2. jarduera. Azalerak neurtzen, pisuen eta etxebizitzen planoen bitartez (1 saio)
Berriz ere jarduera bat adibide gisa erabiltzea proposatzen da hasieran, eta hortaz, nahitaezkoa izango
da irakaslearen laguntza. Irudi bat beste irudi soilago batzuetan deskonposatzea zailtasun handiko zeregina da ikasleentzat,
batez ere horretarako zenbait aukera dituztela kontuan hartuta. Horrekin batera, ikasleei galdetu beharko zaie zer prozedurari
jarraitu dioten deskonposizioaren bidez lortutako irudi soilen dimentsioak zehazteko.
Prozedurarik ekonomikoena zein den ere azter daiteke; hots, zer prozeduraren bidez egiten diren zenbaketa
eta kalkulu gutxien, bai eta beste zer prozedura erabiltzen dituzten ere. Jarduera honen bidez ohartuko dira problema bat
ebazteko zenbait aukera daudela matematikan.
Jarduera bukatzeko, ikasleek zer zailtasun izan dituzten adierazi beharko dute, bai eta haiek gainditzeko
zer bide hautatu dituzten ere.
Joan 2. jarduerara
3. jarduera. Etxebizitzak eta pisuak saltzeko iragarkiak egiten. (1 saio).
Ikasleek beste problema bat ebatzi beharko dute, aurreko saioetan landutako kontzeptuak erabiliz.
Proposatutako probleman ageri den azaleren kalkulua orain artekoak baino zailagoa da. Oraingoan, trapezio
baten azalera kalkulatu behar da (edo laukizuzen batena gehi triangelu batena), irudi konplexuagoak deskonposatu behar dira,
eta abar.
Jarduera honek askatasuna eman nahi die ikasleei, salmenta-iragarkiak sormenez osa ditzaten, eta, irudimenaz
baliatuz, etxebizitzak edo pisuak zer zerbitzu dituen azal dezaten. Horrez gain, etxebizitza beren herri edo hiriko tokiren
batean koka dezakete, eta hari lotutako zenbait alderdi deskribatu; besteak beste, etxebizitza eskuratzen duenak zer garraiobide
izango dituen eskura, zenbatera dagoen toki turistiko edo publikoetatik, eta abar.
Joan 3. jarduerara