Denetatik
Emakumeek historian egindako bidea oztopoz beterik egon da. Baina pixkanaka eta emakume aitzindari askoren balentriari esker, biderik ez zegoen lekuan bidezidorrak zabaltzen joan ziren. Mende batzuk atzera jotzen badugu emakumeek egindako bidea azter dezakegu:
Frantziako Iraultzaren garaian, hiritarren eskubideen deklarazioa onartu zen baina ez ziren emakumeen eskubideak kontuan hartzen. Printzipio horiek emakumeentzat ere izan behar zutela aldarrikatzen zuen garai horretan Olimpia de Gouges-ek. Horrek 1791n Emakumearen eta Emakumezko Herritarraren Eskubideen Adierazpena idatzi zuen. Gerora, garai horri esaten zaio feminismoaren lehen olatu-aldia. Olimpiak zera esan zuen: “emakumeak urkamendira igotzeko eskubidea baldin badu, aintzat hartu beharko litzaioke tribunara igotzeko eskubidea ere”. Seinale bat izango balitz bezala, gillotinaz hil zuten. Emakumeen eskubideen aldarrikapena idatzi zuen Mary Wollstonecraft-ek eta emakume asko hasi zen bizitzeko modu berri bat eraikitzen, zalantzan jarriz derrigorrez etxean sartuta egotearen beharra.
Ahots berritzaileak ari ziren sortzen eta bidezidor berriak ari ziren zabaltzen. Ondoren horiexek erabiliko zituen emakume sufragisten mugimenduak emakumeen eskubide politikoen alde jotzeko. Sufragistak, feminismoaren bigarren olatuaren protagonistak, Estatu Batuetan sortu ziren. Lehenetariko programa feministan sentimenduen deklarazioa onartu zuten, baina ez zen onartu emakumeen bozkatzeko eskubidea. 1848. urtea zen eta 80 urte gehiago igaro ziren Estatu Batuetan emakumeek bozkatzeko aukera izan zezaten.
Estatu espainiarrean emakumeen sufragioa 1931ko urriaren 1ean lortu zen II. Errepublikako erreforma legegilearen markoaren barruan eta Alderdi Erradikaleko diputatu Clara Campoamorrek emakumeen sufragioaren alde eginiko defentsa sutsuaren ondoren. Baina aurrerapausoen garai horien ondoren gerren arteko aldia etorri zen eta aurrerapen horiek geldialdia eduki zuten, ondorengo 3. olatu-aldiaren hazia izango zena alegia.
Estatu espainiarrean mugimendu feminista lotuta zegoen frankismoaren aurka sortu zen mugimenduarekin, baita garaiko hainbat gizarte-mugimendurekin ere. Euskadin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan halako mugimenduak emakumeen batzarren bidez sortu ziren.
Orain arte hainbat arlotan lan egin duten emakumeen istorioak ezagutu ditugu, baina badaude beste arlo ezezagunagoetan beren pentsatzeko edo lan egiteko era iraultzailearekin historia harrotzera iritsi diren emakumeak ere; hor dauzkagu adibidez Amelia Earhart hegazkinlaria, Atlantikoa (1932an) eta Pazifikoa zeharkatu zituen lehen emakumea, hartarako bere hegazkina erabili zuena. Hor topatzen dugu, Kathrine Switzer, Bostongo maratoian modu ofizialean parte hartu zuen lehenengo emakumea. Malala Yousafzai, emakumeen hezkuntzaren aldeko ekintzailea. Wangari Maathai, Bakearen Nobel saria eman zioten, “garapen jasangarriaren, bakearen eta demokraziaren alde egindako lanagatik”. Virginia Wolf idazlea, Gela bat norberarena idazlanarekin emakume bakoitzak bere espazio fisiko eta pertsonala edukitzearen aldarrikapena egin zuena.
Inesa Gaxen
Emakume honi bi aldiz leporatu zioten sorgina izatea. Hemezortzi urte zituenean Bordeleko parlamentuan epaitu zuten eta frobarik ez zegoenez libre utzi zuten. Hogeita zazpi urte geroago, Inesa Hondarribian bizi zenean, sorgina izan zela salatu zuten bi haurrek. Herriko buruzagiek presio gogorra egin zioten arren, Inesak behin eta berriro ukatu zien salaketa. Azkenean, nahiz eta Logroñoko Inkisizioaren epaileak libre utzi, erbestera joan behar izan zuen Inesak, Hondarribiko herritarrek erabakia ez zutelako onartu.
Marie Coulon
Euskal feminismoaren aitzindaria (Paris, 1837 - 1913?).
Madame d’Abbadie d’Arrast gisa ezagunagoa egin zen, Charles d’Abaddie d’Arratsekin ezkondu baitzen (Antonie d’Abbadie kultur eragilearen anaia gazteena, alegia).
CNFF-ko (Frantziako Emakumeen Kontseilu Nazionala) kidea izan zen, horregatik Frantzian eta Belgikako lehendabiziko kongresu feministetan parte hartu zuen.
Emakumeen sufragio-eskubidea aldarrikatu zuen. Hainbat artikulutan adierazi zuen emakumeen inguruko kezka eta bizitza osoan zehar borrokatu zen emakumeen egoera hobetzeko.
Kasilda Iturrizar
Ongilea (Bilbo, 1918 - 1900).
Bere senarra, Tomás José Epalza, enpresari aberatsa zen. Bikoteak ez zuen seme-alabarik izan eta senarra hil zenean Kasildak dirua Bilboko behartsuen egoera hobetzera zuzendu zuen. Testamentuan diru asko utzi zion Erruki Etxeari eta Ospitale Zibilari. Gainera, Bilbon dagoen Doña Kasilda parkea hark emandako lurretan eraiki zen.
Mikaela Portilla
Pedagogoa, antropologoa eta historialaria (Gasteiz, 1922 - Gasteiz, 2005).
Maisua izan zen Arabako hainbat eskolatan; ondoren, Madrileko Unibertsitate Konplutensean Historiako lizentziatura eskuratu zuen. Euskal Herriko antropologo eta historialarien artean garrantzitsuenetakoa izan zen. Haren metodologia fin eta sakonari esker azterlan ugari egiteaz gain, jarraitzaile ugari izan zituen Araban.
Mikaela Portilla izan zen Euskal Herriko Unibertsitatean Honoris Causa Doktorea maila erdietsi zuen lehenengo emakumea.
Raimunda Royo
Mendizale bilbotarra.
XX. mendearen hasieran bizi izan zen Raimunda. Nahiz eta garai hartan emakume gutxi kirolean ibili, badakigu Euskal Herriko alpinismoan hasiera-hasieratik emakumeek parte hartu zutela. Adibidez, Raimunda izan zen Bilboko Club Alpinoaren sortzaileetako bat.
Garai hartan Mendiko federazioak Ehun Mendien Lehiaketa antolatzen zuen, hau da, Euskal Herriko ehun tontor esanguratsuenak epe jakin batean igotzeko txapelketa. Raimunda izan zen lehiaketa osatu zuen lehen emakumea, 1930. urtean.
Marga D’Andurain
Abenturazalea (Baiona, 1893 - Tanger, 1948).
Baionan jaiotako abenturazale hau 18 urterekin ezkondu zen Piarres D’Andurainekin eta harekin bizi izan zen Argentinan, Cairon eta Palmira hirian. Cairon zein Palmiran negozio arrakastatsuak antolatu zituen bikoteak; gainera, denboraldi hartan Marga Ingalaterraren alde espioi-lanetan ibili zela zabaldu zen.
Dena den, Marga oso ezaguna da Meka leku santura sartzen saiatzeagatik. Bere helburua zen Mekan sartzen zen mendebaldeko lehenengo emakumea izatea. Horretarako musulman bihurtu zen eta senar musulmana hartu zuen. Tamalez, berehala atxilotua izan zen eta harem batean giltzapetua. Gainera, haremeko jabearen hilketa leporatu zioten eta heriotza-zigorra ezarri zioten. Azkenean Frantziako enbaxadoreak lortu zuen Marga askatzea.
Marie Argain
Bertsolaria (Ezpeleta, 1860 - Donapaleu, 1925).
Ogibidez espartingile zen eta ezkondu ostean laborantzan jardun zuen. Nahiz eta irakurtzen eta idazten ez jakin, bertsolari trebea izan zen.
Marie (edo Mariana) Argain hainbat lehiaketatan saritua izan zen. Adibidez 1888an Anton Abbadiek antolatutako lore-jokoetan irabazle izan zen, baita Ezpeletan 1895. urtean Martin Guilbeauk antolatutako Euskal Bestetan ere.
Francisca Iracheta
Emagina.
Datu gutxi dauzkagu emakume honen inguruan. Franciscak Madrileko Unibertsitate Konplutensean osatu zituen emagin-ikasketak. Obstetriziaren inguruko sineskeriak baztertzea eta ezagutza zientifikoa finkatzea zuen helburua. Horretarako, emagin-ikasketak egiteko eskola bat sortu zuen. Gainera, erditzeari buruzko liburu bat idatzi eta argitaratu zuen lehen emakumea izan zen Espainian.
Diana Andoins
Nobleziako dama (1554 - 1621).
Gixuneko kontesa izan zen. Bearno eta Gaskoniako familia aberats eta boteretsuenetako batean jaio zen.
Oso emakume ederra eta kultura handikoa izan zen. Korisande ezizena hartu zuen Amadís de Gaula idazlanetik.
Agramondarren familiaburu Filiberto Agramondarrarekin ezkondu zen. 1580an, 26 urte zituenenean, bere senarra hil egin zen eta urte gutxi geroago Korisande Enrike IV.a erregearen amorantea bihurtu zen. Zazpi urte iraun zuen erlazio hark. Korisandek laguntza ekonomikoa eskaini zion erregeari Erlijio Gerrak finantzatzeko.
Martina Zurikaldai
Gozogilea eta enpresaria (Bilbo, 1839 - 1932).
Martinaren gurasoek gozo-denda eta txokolategi bat ireki zuten 1830ean Bilbon.
Martina hamasei urterekin ezkondu zen eta hamalau seme-alabaren ama izan zen. Hala eta guztiz ere, 1882. urtetik aurrera Martinak hartu zuen gozo-dendaren ardura. Kudeaketa ausartari zein zentzudunari esker negozioa berritzea eta handitzea lortu zuen. Gainera, enpresa-ekimen erabat berritzaileak sustatu zituen; esate baterako, beste txokolategi txiki batzuekin elkartzea eta guztiekin batera Chocolates Bilbaínos fabrika sortzea.
Erantzun galdera hauei. Hiru aukeren artean zuzena hautatu behar duzu.
Zorte on!
Lehen emakumea izan zen… esamoldea maiz erabili dugu webgune honetan. Emakume aitzindariak egon ziren arlo ugaritan, eta gaur egun ere badaude. Aukeratu ezazu zure ustetan aitzindaria den emakume garaikide bat eta arrazoitu zein izan diren hark egindako lorpen eta ekarpenak.
Atal honetan hainbat arlotako emakumeak ezagutu ditugu: kirolariak, bertsolariak, abenturazaleak… Ideia-zaparradaren bitartez, zerrendatu zein ezberdintasun ikusten duzun arlo berean emakumezko eta gizonezkoen artean. Adibidez, ba al dago ezberdintasunik nesken eta mutilen artean kirolean? Eta beste arlo batzuetan?