logo

Hezkuntza


Hezkuntza

· Matilde Huici Navaz

· Adelina Méndez de la Torre

· María Ana Sanz Huarte

· María de Maeztu

· Elbira Zipitria

· María Dolores Goia

· Julita Berrojalbiz

· Madeleine Jauregiberri

· Julia Fernández Zabaleta

Emakumeak hezkuntzan izan duen papera erabat lotuta egon da neskek hezkuntza jasotzeko izan duten eskubidearekin. Izan ere, Europan XVI. mendera arte emakumeek debekatuta zeukaten hezkuntza publikoan parte hartzea. XVIII. mendean hasi zen herritar guztientzako hezkuntza-eskubidearen aldarrikapena.

Dena den, XVI. mendetik XIX. mendera nesken heziketa oso mugatua izan zen: emazte eta ama onak izateko hezten zituzten, hori baitzen jendarteak ezartzen zien rola. Lehen hezkuntza jasotzeko aukera bazuten, baina hortik aurrerako goi-mailako hezkuntza debekatua zuten. Horren ordez, beren ezagutza guztia emakume gupidatsua, kristau ona, esanekoa eta apala izatera zuzenduta zegoen.

XIX. mende bukaeran nesken hezkuntza nahiko araututa zegoen, baina hala ere, ikasgai ezberdinak zituzten neskek eta mutilek. Mutilek zientzietako gaiak jasotzen zituzten eta neskak, aldiz, etxeko lanetan aritzeko hezten zituzten. Garai hartan maistra edo emakumezko irakasleek hartzen zuten nesken hezkuntzaren ardura, nahiz eta gizonezkoen soldatarekin alderatuta bi heren gutxiago jaso.

Emilia Pardo Bazan
Emilia Pardo Bazán
Matilde Padrós
Matilde Padrós

XX. mendera arte itxaron behar izango zuen emakumeak hezkuntza-sisteman eskubide osoz sartzeko.

Espainiar estatuan XX. mende hasierako hamarkadan hasi ziren neskak pixkanaka-pixkanaka eskoletan sartzen. Garai hartako Erregimen demokratikoaren barruan eskolen izaera irekia eta zabala zen. Legez gurasoei zegokien seme-alaben heziketa osoa, baita eskolatuak izateko neurriak hartzea ere. Haurrak lehen hezkuntzan sartzea nahitaezkoa eta debaldekoa zen.

Garai honetan zabaltzen hasi ziren gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko hainbat mezu. Esate baterako, Josefina Aldekoak  Historia de una maestra lanean idatzitakoa: "[...] Gizonak eta emakumeak ez dira ezberdinak adimena edo trebetasunagatik, fisiologiagatik baizik. Indar fisikoa gauza bat da, esan nien. Baina badago beste era bateko indarra, egoera zailak aztertu eta konpontzea ahalbidetzen duen indarra alegia. [...]".

Emakume askok aldarrikatu zuten emakumeentzako hezkuntzaren eskubidea, horien artean zeuden Emilia Pardo Bazán, ANME erakundea eta ezezagunak diren beste asko ere.

Benita Asas
Benita Asas
Maria Goiri
Maria Goiri

Espainiako Gerra Zibilaren ondoren atzerapausoa gertatu zen hezkuntza-mailan eta heziketa mistoa debekatu egin zen, 1939tik 1973ra, hain zuzen ere. Horrela, neska-mutilak estereotipo femenino eta maskulino tradizionalen arabera hezten ziren bereizitako eskola haietan. Alabaina, ikastolek mistoak izaten jarraitu zuten.

Euskal Herriari dagokionez, emakume batzuek mende-hasieran egindako lanari esker neskak hezkuntza sisteman pixkanaka-pixkanaka sartzeko bidea zabaldu egin zen. Besteak beste, horretan aritu ziren Karmen Baroja, María de Maeztu, María Goyri, Adelina Méndez de la Torre eta Benita Asas Manterola.

1960ko hamarkadan eskola publikoak misto bihurtzen joan ziren, eta 1984an nahitaezko sistema bihurtu ziren.

Hauek izan ziren neska eta mutilen hezkuntza berdintasunaren oinarriak:

  • Hezkuntza mistoa bereiziaren gainetik dago.
  • Curriculum bera landuko dute neskek eta mutilek.
  • Derrigorrezko hezkuntza 13 urte bitartekoa da.

Espainian Matilde Padrós y Rubio izan zen unibertsitatean sartzen lortu zuen lehen emakumeetarikoa. 1888. urtean matrikula librea egin zuen eta urte bat beranduago matrikula ofiziala egin zuen. 1893an doktoretza lortu zuen; gainera, Britainiar Entziklopedian lanean aritu zen.





















Elbira Zipitria

 

Pedagogo gipuzkoarra (Zumaia, 1906 - Donostia, 1982).

Ikastolako mugimenduaren inspiratzaile eta bultzatzailea. Pedagogia-metodo berri eta aurrerakoi baten sortzailea eta euskal irakasleen irakaslea izan zen emakume aparta hau.

1946tik aurrera martxan jarri zuen euskal eskola bere etxean bertan helburu zehatz bat lortu nahian; hau da, hezkuntza euskalduna eta kalitatezkoa eskaintzea. Elbirak ezagutzen zituen Europako teoria pedagogiko berriak praktikan jarri zituen. Aldi berean, bere metodo pedagogikoa irakatsi zien irakasle gazteei. Horrela, euskararen irakaskuntzan Elbiraren ikuspuntu pedagogikoa hedatu zen. Elbira Zipitriak egin zuen lana oinarrizkoa izan zen ikastolak sortzeko eta bultzatzeko.


+ Bizitza

+ Bizitza




Elbira Zipitria


















Julita Berrojalbiz

 

Irakaslea eta ikastolen mugimenduaren bultzatzailea (Ajangiz, 1923 - Bilbo, 1998).

Garaiko emakume ugarik bezala, irakasle-ikasketak egin zituen. Julita Bizkaiko aurreneko ikastolan lanean hasi zen. Zoritxarrez, lehenego zein bigarren egoitzatik bota egin zituzten eta, gauzak horrela, etxez etxe klaseak antolatzea bururatu zitzaion Julitari.

Irakaskuntza haren ofizialtasuna lortzea izan zen helburua, batez ere 1965. urtetik aurrera. Izan ere, Irakaskuntza Lege Berria indarrean sartu zenean eta Batxilergoa egin ahal izateko ikasleek eskola ofizial batetan ikasi behar zutela zehazten zuen; hala, euren helburu nagusia ikastolak legeztatzea izatera pasa zen. Azkenean, 1966ko ekainaren 8an Resurreccion María de Azkue Ikastola ireki zuten. 1972an Loiuko Lauro Ikastolaren sortzaileetariko bat izan zen eta han zuzendari pedagogikoa izan zen urte askotan, beraz, hezkuntza-metodologia berriak ikasi eta aplikatu zituen.


+ Bizitza

+ Bizitza


Julita Berrojalbiz






















María Dolores Goia

 

Irakaslea (Donostia, 1913 - 1986)

1932an maistra-ikasketak egin zituen eta handik aurrera irakaskuntzan aritu zen bizitza osoan. Gerra-garaian Britainia Handian egon zen, gerrako ume errefuxiatuak laguntzen.

1941. urtean lortu zuen Euskal Herrira bueltatzea eta hamar urte geroago ikastola bat martxan jarri zuen bere etxean, Donostiako Gros auzoan. Hasieran 3 urtetik 10 urtera bitarteko 10 haur besterik ez zeuden ikastolan, baina berehala 20ra igo zen kopurua. Euskarazko irakaskuntzaren eta ikastolaren sustatzaile honek 1970. urtera arte eman zituen klaseak.


+ Bizitza

+ Bizitza


Julita Berrojalbiz


Julita Berrojalbiz






















Madeleine Jauregiberri

 

Idazlea eta irakaslea (Aloze, 1884 - Ziboze, 1977).

Ikasketak bukatu ondoren Argentinara joan zen eta frantseseko irakaslea izan zen 6 urtez. Zuberoara bueltatzean Begiraleak eta Eskualherrizaleen mugimendu abertzaleekin elkarlanean aritu zen. Euskaraz idatzitako artikuluak argitaratu zituen Gure Herria, Herria eta Aintzina aldizkarietan. Abestietan eta euskarazko zein frantsesezko testuetan oinarritutako metodoa sortu zuen euskara irakasteko. Lan hori egiteagatik Frantziako gobernuaren errekonozimendua jaso zuen, Les Palmes Academiques saria eman zioten, alegia.


+ Bizitza

+ Bizitza


Madalen


Madalen






















Matilde Huici Navaz

 

Pedagogoa eta abokatua (Iruñea, 1890 - Txileko Santiago, 1965).

Irakaskuntza eta Zuzenbidea ikasi zituen. María de Maezturekin elkarlanean aritu zen Residencia de Señoritas eta Lyceum Club Femenino erakundeak antolatzen. Era berean, 1928an Asociación de Mujeres Españolas Universitarias elkartea sortu zuen, Victoria Kent eta Clara Campoamorrekin batera.

Oso lan esanguratsua egin zuen ume marjinatuen alde; adibidez, Tribunales Tutelares de Menores erakundean ikuskatzaile-lanetan ibili zen. Gainera, 1935etik 1938ra bitartean Nazioen Ligako Gizarte Batzordearen Espainiako ordezkaria izan zen.

Espainiako Gerra Zibilaren ondoren Txilen erbesteratu zen eta hango unibertsitate batean Escuela para Educadoras de Párvulos de la Universidad de Chile sortu zuen. Eskola horretan hezitzaile ugarik heziketa trinkoa eta aurreratua lortu zuten irakaskuntzan aritzeko. Matilde hogei urtez aritu zen irakaskuntzan erakunde horretan.


+ Bizitza

+ Bizitza


Matilde


Matilde


Matilde






















Adelina Méndez de la Torre

 

Pedagogoa (Castropol, 1871 - Bilbo, 1960).

Adelinak Bilbon egin zuen bere ibilbide profesionala; izan ere, 1904. urteaz geroztik erretiratu arte Kontxa Jenerala kaleko nesken eskolan lanean jardun zuen.

Irakaskuntzan lan egiteaz gain, udalekuak sustatu zituen eta haiek antolatzeko batzordean esku hartu zuen; Irakasle Eskola Nazionalaren Elkarteko Pedagogia Ikerkuntzaren Saileko partaidea ere izan zen. Horrez gain, 1992an Bilboko Escuela Normal de Maestraseko arduradun izendatu zuten.

Eskola-jantokien sorkuntzan aitzindaria izan zen. Maistra honen ahaleginari esker Bilboko lehendabiziko eskola-jantokia abian jarri zen 1910-1911 ikasturtean, Kontxa Jenerala kaleko ikastetxean.


+ Bizitza

+ Bizitza


Adelina


Matilde


Matilde






















María de Maeztu

 

Pedagogo arabarra (Gasteiz, 1881 - Mar del Plata, 1948).

Feminismoaren eta pedagogia modernoaren aitzindaria izan zen. Escuela Normal erakundean ikasi zuen, eta Filosofia eta Letretako ikasketak egin zituen Salamancako eta Madrileko unibertsitateetan. Oso gaztetatik hasi zen irakasle-lanetan eta irizpide pedagogiko berriak ezarri zituen klaseetan; hau da, memorizazioa baztertu, aire zabalean gozatu, janlekuak antolatu…

1915. urtean Madrileko Residencia de Señoritas zabaldu zuen, Maríaren proiektu kuttunena bihurtu zena. Espainian unibertsitateko hezkuntza emakumeen artean sustatzeko sortu zen lehen zentro ofiziala izan zen apaitutako Residencia de Señoritas. Urte batzuk geroago (1926) Lyceum Club Femenino elkartea sortu zuen, emakumeentzat ikastaroak, hitzaldiak, kontzertuak eta biltzeko leku egokia eskaintzeko asmoz.

Horretaz guztiaz gain, oso hizlari trebea zen eta hainbat hitzaldi eman zituen Europan eta Amerikan.

Tamalez, Errepublikako hainbeste intelektual bezala erbestera joan behar izan zuen Maríak eta 1937. urtetik aurrera Argentinan bizi izan zen.


+ Bizitza

+ Bizitza


Maeztu


Maeztu


Maeztu


Maeztu


Maeztu


Maeztu






















María Ana Sanz Huarte

 

Irakaslea eta pedagogoa (Iruñea, 1868 - Iruñea, 1936).

Irakaskuntza-ikasketak burutu ostean, Nafarroako Irakasleen Eskolan irakasle-lana lortu zuen. Bertako zuzendaria izan zen 1906tik 1930era. Epe luze horretan Iruñeko Escuela Normal de Maestras erabat berritu zuen. Era berean, bere ideia pedagogikoak zabaldu zituen; esate baterako, kultura-sustapena, irakurketaren defentsa, emakumeek gizartean zuten garrantzia, haurtzaroko hezkuntza eta, batez ere, gazteei zuzendutako hezkuntza.

Bestalde, eskolako jantokiak, udalekuak, jantzitegia eta Emakume Langileentzako Etxeko Eskola eratzen lagundu zuen. Gainera, hizlari trebea  zen eta hainbat artikulu idatzi zituen.


+ Bizitza

+ Bizitza

+ Bizitza


Sanz


Maeztu


Maeztu


Maeztu


Maeztu






















Julia Fernández Zabaleta

 

Irakaslea (Iruñea, 1898 - 1961).

Iruñean bertan irakaskuntza-ikasketak egin zituen eta segidan beka bat lortu zuen Maria Montessori pedagogo famatuarekin ikasteko. Iruñera bueltatzean Montessori metodo berria ezarri zuen udal-eskoletan.

Emakumeentzako hezkuntza eta euskararen sustapena izan ziren bere helburu nagusiak. Horretarako lan egin zuen bai irakaskuntzan bai politikan ere. EAJko kidea izan zen eta bere aukera politikoaren ondorioz, 1936. urtetik 1958. urtera irakaskuntza ofizialetik baztertua izan zen.


+ Bizitza

+ Bizitza

+ Bizitza


Julia Fernández






















Erantzun galdera hauei. Hiru aukeren artean zuzena hautatu behar duzu. Zorte on!
 

1. Zein mendera arte egon zen debekatua Europan nesken eskolatze arautua?
  XIX. mendera arte
  XVI. mendera arte
  XVIII. mendera arte
 

2. Zein izan zen unibertsitatean sartzea lortu zuen Estatuko lehen emakumea?
  Matilde Padrós y Rubio
  Emilia Pardo Bazán
  Karmen Baroja
 

3. Nork jarri zuen martxan 1946tik aurrera eskola euskalduna bere etxean bertan?
  Julita Berrojalbiz zumaiarrak
  Elbira Zipitria zarauztarrak
  Elbira Zipitria zumaiarrak
 

4. Julia Fernández Zabaleta nafarrak pedagogo famatu batekin egin zituen ikasketak. Norekin?
  Maria Montessori pedagogoarekin
  Marina Montessori irakasle ingelesarekin
  María de Maeztu irakaslearekin
 

5. Nork berritu zuen Iruñeko Escuela Normal de Maestras?
  Matilde Huici Navazek
  María Ana Sanz Huartek
  Adelina Méndez de la Torrek

6. 1882. urtetik 1910. urtera bitarte zenbat emakumek lortu zuten Espainiako Estatuan unibertsitateko-titulua?
  46 emakumek
  38 emakumek
  36 emakumek

7. Zein ikasle eta idazlek lortu zuen Les Palmes Academiques saria ordura arte egindako lanagatik?
  María Dolores Goia donostiarrak
  María de Maeztu arabarrak
  Madeleine Jauregiberry aloztarrak
 

8. Matilde Huici Navaz Gerra Zibilaren ondoren Txilen erbesteratu zen. Zein eskola sortu zuen hango unibertsitate batean?
  Escuela para Educadoras de Párvulos de la Universidad de Chile
  Escuela para Educadoras de Primaria y Secundaria de la Universidad de Chile
  Escuela para Educadoras de Párvulos de la Universidad de Argentina
 

9. Nork jaso zuen 17 urterekin Bakearen Nobel saria emakumeen hezkuntza-eskubideen alde lan egiteagatik?
  Malala neska iraniarrak
  Malala Yousafzai pakistandarrak
  Malala Janusakis pakistandarrak
 

10. Nork idatzi zuen esaldi hau? "El hombre y la mujer no son diferentes por la inteligencia ni la habilidad sino por su fisiología…"
  Josefina Aldekoak Historia de una maestra liburuan
  María de Maeztuk Historia de una maestra liburuan
  Josefina Aldekoak Historia de una maestra hitzaldian
 

      Puntuak guztira =

Erantzun zuzenak:


 

Emakumeen papera esanguratsua izan da ikastolaren mugimenduan. Azter ezazu ea zure eskualdeko ikastolaren sorreran emakumeren batek parte hartu zuen.


Gaur egun gure gizartean erabat normalizatuta dago emakumeentzako hezkuntza, baina beste lurralde batzuetan ez da gauza bera gertatzen. Iker ezazu edozein lurralde horietako egoera: nola bizi dira emakumeak? Zergatik ez dute hezkuntza jasotzeko eskubiderik? Zure ustez, zer ondorio ditu gizarte osoarentzat?

Igo