logo

Literatura


Literatura

· Ernestina Champourcín

· Marijane Minaberry

· Cecilia Guilarte

· Bizenta Mogel

· Errose Bustintza

· Julene Azpeitia

· Ángela Figuera Aymerich

· Maddi Ariztia

· Francisca de Aculodi

· Karmele Saint Martin

· Balendiñe Albizu

· Rosario Artola

Gaur egun erabat normala da emakumeek idatzitako liburuak aurkitzea liburutegi edo liburu-dendetan, baina duela gutxi arte ez zen ohikoa. Emakumeek asko borrokatu behar izan dute inongo kritika eta irainik jaso gabe beren istorioak eta pentsamenduak, olerkiak edo fikzioak idatzi ahal izateko, izan ere denbora luzez pentsatu izan da sormen literarioa gizonezkoen egitekoa zela.

XIX. mendera arte literaturak gaitzetsi egiten zuen emakumearen portaera “immorala”, hau da, etxean familia zaintzen eta etxeko lanak egiten ez geratzea. Beraz, ez da harritzekoa mende hori baino lehen kostata topatzea emakume idazleen izenak. Horien artean daude Santa Teresa de Jesús, Sor Juana Inés de la Cruz edo Madame Staël. Bere garaian aitzindariak izan ziren emakume horiek literaturan.

Ines de la Cruz
Sor ines de la Cruz
Madame Stael
Madame Stael

Horrek ez du esan nahi XIX. mendetik aurrera emakumeak literatura-munduan sartzea errazago izan zuenik. Ausardia handiko emakume batzuek soilik erabaki zuten garaiko arauak haustea. Garai hartan, gainera, erromantizismoa agertu zen. Mugimendu horrek errebeldia eta askatasuna goraipatzen zituen, baina emakumeekiko atzerakoia zen; izan ere, garaiko gizateria nahiko aldaketa jasaten ari zen dagoeneko. Emakumeak aukera gutxi zituen arauak hausteko. Horrek azaltzen du emakume idazle askok gizonezko-ezizena erabili behar izana beren idazlanak argitaratzeko. Horren adibide garbiak dira Georges Sand, Isak Dinesen, George Eliot edo Fernán Caballero, besteak beste. Edo beren lanak senarren esku utzi zituztenak, hala nola María Lejárraga edo Colette.

XIX. mende erdialdetik aurrera, errealismo-mugimenduak errealitatearen irudikapen objektibo eta ahal bezain erreala egiten zuen. Hori bera islatzen saiatu ziren literaturan ere. Joera horrekin batera garaiko literaturako emakumezko pertsonaiak gizarteak ezeztatuak eta zapalduak zeuden. Emakume horiek araututako gizartearen aurka altxatu ziren, eta, ez zirenez ulertuak sentitzen, pasioek eta bulkadek gizarte tradizional arautuaren aurka joatera eraman zituzten. Errealismo horren adibide garbiak izan ziren literatura unibertsaleko Madame Bovary eta Bernarda Albaren etxea lanak. Horrelako obrei esker gizartea emakumeen egoeraz ohartzen hasi zen eta mugimendu feministak agertzen ziren literaturan ere. Mugimendu horiek emakumeen eskubideen alde borroka egin eta beren egoera aldatzera eraman zituzten, baina batez ere, idazle emakumezkoak ugaritu eta emakumeak modu librean idaztera bultzatu zituzten.

George Sand
George Sand
Isak Dinesen
Isak Dinesen

Jane Austen, Mary Shelley eta Virginia Woolf Ingalaterran, Harriet Beecher Stowe Estatu Batuetan, Rosalía de Castro eta Emilia Pardo Bazán Espainian eta Julene Azpeitia edo Bizenta Mogel Euskal Herrian. Horiek izan ziren garaiko gizarteko arauei aurre egin zieten emakumeetariko batzuk eta, testuinguru guztia aurka eduki arren, beren lanak idatzi, argitaratu eta irakurtzea lortu zutenetako batzuk. XX. mendetik aurrera emakume askori bidea erakutsi zietela esan daiteke.





















Ernestina Champourcín

 

27ko belaunaldiko poeta (Gasteiz, 1905 - Madril, 1999).

Hezkuntza sakona eta aberatsa jaso zuen; era berean ingelesez eta frantsesez oso ondo moldatzen zen. Gazte-gaztetatik olerkiak idatzi zituen, eta 1926an argitaratu zuen bere lehenengo poesia-liburua. Nahiz eta hasieran Juan Ramón Jiménez-en eragina nabarmena izan, laster ahots eta estilo propioa landu zuen.

Errepublikaren garaian, María de Maeztuk berak sortutako zuen Madrilgo Lyceum Club Femenino-n idazkaria izan zen, baita bertako jarduera kultural bizian parte-hartzaile ere. Gerra Zibilean erizain moduan lan egin zuen. Gerra galduta, Mexikora abiatu behar izan zuten Ernestinak eta senarrak. Han, itzulpengintzan aritu zen. 1956an, idazteari ekin zion berriro eta Espainiara bueltatzean idazten eta argitaratzen jarraitu zuen. Onarpena, ordea, bere bizitzaren amaieran lortu zuen: 1989an Euskadi Poesia saria jaso zuen eta 1992an Espainiako Príncipe de Asturias saria.


+ Bizitza

+ Bizitza


Ernestina




















Errose Bustintza

 

Kazetaria eta etnografoa (Mañaria, 1899 - Mañaria, 1953).

Euzkadi egunkarian lanean aritu zen eta artikuluak argitaratu zituen Mañariko Errose edo Maraikoa izenordeak erabiliz. Kronikak, olerki eta kantu-letrak ere egin zituen arren, ipuingintzan erdietsi zituen batez ere lan esanguratsuenak eta ezagunenak. Ipuin gehienek euskal kultura, mitologia eta folklorea aurkezten dute. Bizi zen artean liburu bat bera ere argitaratu ez arren, Jaime de Querejetak Errosek idatzitako ipuinak bildu eta 1990. urtean eta argitara eman zituen.


+ Bizitza

+ Bizitza


Errose Bustintza






















Ángela Figuera Aymerich

 

Poeta (Bilbo, 1902 – Madril, 1984).

Olerkigintzari dagokionez, gerra ondoko lehenengo belaunaldiaren idazle esanguratsuenetako bat da. Gaztelaniaz idatzi zuen.

Oztopo handiak izan arren (dirurik eza, aitaren oposizioa…) Ángelak Filosofia eta Letrak ikasketak burutzea lortu zuen, baita institutuko irakaslea izateko oposaketak gainditzea ere.

Gerra Zibilaren ondoren Ángela errepresaliatua izan zen. Horren ondorioz, bai unibertsitateko titulua bai lanbidea galdu zituen. Urte latz horietan idazteari ekin zion eta 1948an lehenengo liburua argitaratu zuen. 1958. urtean, diktaduraren zentsura saihesteko Belleza cruel lana Mexikon argitaratu zen. Bere lanaren gaiak amatasuna, erotismoa eta paisaia izan ziren. Dena den, bere azken etapan, Gabriel Celayaren eta Blas de Oteroren eraginaren poderioz, kezka sozialak ere adierazi zituen.


+ Bizitza

+ Bizitza


Angela




















Bizenta Mogel

 

Euskal idazlea (Azkoitia, 1782 - Abando, 1854).

Ikasketak bere osaba Juan Antonio Mogel idazlearekin egin zituen etxean. Hala, garai hartan ohikoa zena baino hezkuntza-maila altuagoa lortu zuen. 22 urte bakarrik zituenean bere idazlan famatuena argitaratu zuenean Bizentak, hau da, Ipuin onac liburua. Oso harrera ona eduki zuen obra horrek bere garaian eta behin baino gehiagotan berrargitaratu izan da.


+ Bizitza




Bizenta Mogel




















Marijane Minaberry

 

Idazlea (Banka, 1926 - Banka, 2017).

Marijanek ez zuen aukerarik izan goi-mailako hezkuntza erdiesteko, amaren gaixotasuna zela medio ezin izan baitzituen Batxilergoko ikasketak ere bukatu. Beraz, emakume autodidakta izan zen. Bankako udaletxean idazkari bezala lan egin zuen. Ondoren, irakasle izan zen Baionan eta azkenik Basque-Eclair egunkariaren idazkaria izan zen.

Idazlan ugari argitaratu zituen; esate baterako, Herria, Gure Herria, Almanaka, Pan Pin aldizkarietan. Olerkiak, gramatikak eta hiztegiak sortu zituen, besteak beste. Hala eta guztiz ere haur-antzerkia izan zen bere sorkuntza esanguratsuena.

Euskal irratigintzan aintzindarietako bat izan zen; izan ere, 1960. urtean Radio Côte Basque irratian euskaraz egindako saioan lagundu zuen.


+ Bizitza

+ Bizitza


Marijane


Marijane




















Julene Azpeitia

 

Irakaslea eta idazlea (Zumaia, 1888 - Bilbo, 1980).

Irakaskuntza eta euskara izan ziren Juleneren gai kuttunenak, lehenengo ikastolen sorreran eta irakaskuntzan esku hartu baitzuen. Era berean, euskaraz egindako haur- eta gazte-literaturaren hutsunea betetzen ahalegindu zen. Umeentzako egokituak eta pedagogikoak diren ipuinak idatzi zituen. Liburu gutxi argitaratu zuen; halere, bere lanak batez ere euskal aldizkarietan plazaratu ziren. Umeei irakurtzen eta idazten irakasteko metodo bat ere idatzi zuen.

 

+ Bizitza

+ Bizitza


Bizenta Mogel




















Cecilia Guilarte

 

Idazlea eta kazetaria (Tolosa, 1915 - Tolosa, 1989).

Eleberriak, narrazioak, artikuluak eta gerra-erreportajeak idatzi zituen emakume anarkista honek.

Langile-giroko familia baten baitan jaio zenez, Ceciliak ez zuen aukerarik izan goi-mailako hezkuntza erdiesteko. Dena den, bere aitak sustatu zuen Ceciliaren idazteko zaletasuna. Azpimarratzekoa da hamaika urterekin argitaratu zuela lehenengo artikulua. 1935ean Madrileko Estampa aldizkarian hasi zen lanean. Bertan argitara eman zituen bere lehenengo narrazio laburrak.

Aita bezala, Cecilia anarkista zen eta CNT-ren aldizkarirako gerra-berriemaile gisa aritu zen Gerra Zibilaren garaian. Gerra bukatu eta gero Mexikora abiatu zen. Mexikon ere idazten jarraitu zuen eta bertako bizitza kulturalean aktiboki hartu zuen parte. Esate baterako, egunkarietan eta aldizkarietan laguntzaile izan zen, baita irratiko saioen gidoilaria ere. Azkenik Sonorako Unibertsitatean irakasle izan zen.

1964. urtean Tolosara bueltatzea lortu zuen eta idaztearekin jarraitzeaz gain, hitzaldiak eman zituen eta epaile gisa literatura-lehiaketetan parte hartu zuen.


+ Bizitza

+ Bizitza


Cecilia


Cecilia




















Maddi Ariztia

 

Idazlea (Sara, 1887 - 1972).

Bere benetako izena Marie Diharassarri zen. 9 seme-alaba izan zituen; hala eta guztiz ere idazteko eta irakurtzeko astia izan zuen. Hainbat ipuin argitaratu zuen Gure Herria eta Egan aldizkarietan, baita Anuario de la Sociedad de Eusko Folkloren ere. Bere lan esanguratsuena Amattoren uzta izan zen; liburu horretan Euskal Herriko antzinako ipuinak bildu zituen. Bere lanari esker gure folkloreko ipuin tradizional ugari ez ziren galdu eta hurrengo belaunaldiok jaso ditugu.


+ Bizitza

+ Bizitza


Bizenta Mogel




















Francisca de Aculodi

 

Inprimatzailea eta kazetaria (Donostia, XVII. mendea - XVII. mendea).

Francisca de Aculodi lehengo emakume kazetaria izan zen, nazioarte mailan Elizabeth Mallet britainarra lehenengotzat hartzen badute ere.

Senarra hil zenean, Franciscak bere titulua jaso zuen, hots, “Impresora de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa”. 1683. urtean Noticias Principales y Verdaderas izeneko aldizkaria sortu zuen. Aldizkaria zuzentzeaz gain, tokian tokiko albisteak idatzi eta plazaratu zituen.


+ Bizitza

+ Bizitza


Bizenta Mogel




















Karmele Saint-Martin

 

Idazlea (Iruñea, 1895 - Donostia, 1989).

Bere izena María del Carmen Navaz Sanz zen baina Karmele Saint-Martin ezizenarekin ezaguna da. Senarra hil ondoren, narrazioak idazteari ekin zion; une hartan 55 urte zituen jadanik. Dena dela, handik aurrera lan ugari plazaratu zituen. Oso originalak ziren bere istorioak, garai hartan ohikoa ez zen genero bateko eleberriak idazten baitzituen: narrazio beltza. Gainera, haurrentzako ipuinak eta kondairetan oinarritutako kontaketak sortu zituen. 1964. urtean Leopoldo Alas saria jaso zuen.


+ Bizitza


Bizenta Mogel




















Balendiñe Albizu

 

Idazlea (Zumaia, 1914 - Zumaia, 2002).

Balendiñe abertzalea zen eta EAJ alderdi politikoarekin lotura estua zeukan. Horregatik 1940an Venezuelara joan behar izan zuen bizitzera. Herri hartan hainbat aldizkari abertzaletan plazaratu zituen bere olerkiak. Alabaina, Euskal Herrian ezezaguna zen. 1972. urtean zabaldu zen bere poesia lehen aldiz Euskal Herrian, hain zuzen ere Zeruko Argia aldizkarian. Balendiñek sentimenduak adierazteari ematen zion lehentasuna, estilo poetikoari beharrean.


+ Bizitza

+ Bizitza


Balendiñe


Balendiñe




















Rosario Artola

 

Olerkaria (Donostia 1869 - Donostia, 1950).

Bere aita (Ramón) eta anaia bat (Pepe) poeta ezagunak ziren. Rosario hain ezaguna ez izan arren, hogei urterekin plazaratu zituen bere lehen bertsoak. 1918. urtera arte jarraitu zuen bertsoak sortzen eta argitaratzen, batez ere Euskal Erria aldizkarian. Hainbat sari jaso zituen Euskal Jaietan eta Lore Jokoetan. Bere idazlanetan kristau-balioak eta euskal kultura aditzera ematen ditu.


+ Bizitza

+ Bizitza


Rosario


Rosario




















Literatura ikasten al duzu ikastetxean? Azter ezazu zure ikasliburuan zenbat emakume idazle aipatzen diren eta komentatu ea baten bat faltan sumatzen duzun.


Zorionez, gaur egun, euskaraz idazten duten emakume ugari daude. Zerrendatu itzazu hamar bat idazle. Gainera, haur eta gazte literaturan aritzen diren idazleak asko dira. Saia zaitez haien lanen bat topatzen, irakurtzen eta gozatzen!

Erantzun galdera hauei. Hiru aukeren artean zuzena hautatu behar duzu. Zorte on!
 

1. XIX. mendea baino lehen oso emakume idazle gutxi topatzen ditugu literaturan. Horietako bat Madame Staël izan zen.
  Egia
  Gezurra
 

2. Erromantizismoaren ezaugarriak dira…
  erromantikoa izatea eta bihurrikeria
  errealismoa eta askatasuna goraipatzea
  errebeldia eta askatasuna goraipatzea
 

3. Errealismo garaiko literatur lanik garrantzitsuenetakoa izan zen:
  Bernarda Albaren etxea
  Madame Bovary
  Bi erantzunak zuzenak dira.
 

4. Nork idatzi zuen Ipuin onac liburua?
  Julene Azpeitia
  Bizenta Mogel
  Balendiñe Albizu
 

5. Nork jaso zuen 1992an Espainiako Príncipe de Asturias saria?
  Ernestina Champourcínek
  Rosario Artolak
  Karmele Saint-Martinek
 

6. Balendiñe Albizuk Zeruko Argian idazten zuen. Zer motatako literatura jorratzen zuen?
  Prosa
  Olerkigintza
  Ipuingintza
 

7. Zein euskal idazlek idatzi zituen garaian ohikoak ez ziren narrazio beltzak?
  Karmele Saint-Martinek
  Francisca Aculodik
  Marie Diharassarrik
 

8. Euskal irratigintzan aintzindarietako bat izan zen Marijane Minaberry. Zein irratsaio egiten zuen?
  Radio Basque euskaraz egindako saioa
  Radio de Iparralde euskaraz egindako saioa
  Radio Côte Basque irratian euskaraz egindako saioa
 

9. Cecilia García Guilartek gerrako erreportajeak idazteaz gain…
  eleberriak eta narrazioak ere landu zituen.
  eleberriak eta artikuluak ere landu zituen.
  Bi erantzunak zuzenak dira.
 

10. Idazle hauetako zeinek landu zuen literatura euskaraz?
  Julene Azpeitia eta Mariasun Landa
  Rosario Altuna eta Francisca Aculodi
  Cecilia García Guilarte eta Bizenta Mogel
 

      Puntuak guztira =

Erantzun zuzenak:


 

Igo