Hasteko, materiaren egoerak eta propietateak ikertuko ditugu laborategian eta simulazio digital batekin.
Teoria zinetikoak materia barrutik nolakoa den eta kanpoko portaera nolakoa den azaltzen du, baita pasta prestatzen dugunean ere! Simulazioen bidez ikusiko dugu, baita laborategian ere,
Material bakoitzaren propietateek ezartzen dute eman diezaiokegun erabilera. Bi ikerketatan aplikatuko dugu: zein material den egokiena espazio-ontzia eraikitzeko eta zergatik dagoen hain zabalduta plastikoaren kontsumoa
Zergatik daude hainbeste topiko kimikari buruz, unibertsoa kimikaz osatuta baldin badago? Ba al dago antimateriarik? Bi irakurgai interesgarri landuta deskubrituko dugu.
Erabilera-jarraibideak
Material honetan, bigarren proposamen didaktikoa aurkezten da, "Ikertzen" izenburupean, DBHko 2. mailako Fisika eta Kimikaren 2. blokeko curriculum-edukiak lantzeko, "Materiaren propietateak" gaiari buruzko edukiak ardatz hartuta. Aurrekoan bezala, ez da ohiko unitate didaktiko edo proiektu bat, baizik eta askotariko arazo-egoeren multzo bat, erronka txiki gisa aurkeztuta, zenbait saiotan lantzeko. Erronka horiek estimulu eta desafio dira ikaslearentzat, eta bere ingurunearekin lotutako egoera esanguratsu bat konpontzen inplikatzen dute ikaslea. Hori guztia, ikerketa-jarduera gidatuen bidez, ondoren ikerketaren ondorioak biltzen dituen ekoizpen bat egiteko.
Erronka horiek testuinguruan jartzen dituzte curriculum-edukiak eta irakasleentzat baliagarriak izan daitezke, bai beren eskoletarako ideiak emateko, bai zuzenean aplikatzeko. Irakasleak erabakitzen du, gaiaren hainbat unetan aplika baitaitezke edo lotuta bestela, eduki guztiak landuz. Irakasleak jar ditzake ikasleak konplexutasun desberdineko erronketan lan egiten ere, ikasgela berean.
Oro har, elementu hauek agertzen dira guztietan:
Egoera edo arazoa planteatzea
Atal bakoitzaren hasieran ideia bat planteatzen da, hainbat ikuspegitatik iker daitekeena. Ideia erakargarria eta hurbila da ikasleentzat.
Erronka saltzeki hasierako galdera
Gaiaren interesa islatzen duen funtsezko galdera batean zehazten da.
Erronka
Funtsezko galderak ikerketa bati ekiteko balio du, kasu honetan zientifikoa, eta ikasleek irtenbide bat aurkitzen diote. Ikerketa honek talde-lana eskatzen du beti..
Galderak, jarduerak eta gida-baliabideak
Ikasleek sortzen dituzte, eta konponbide bat arrakastaz lortzeko eta ikaskuntza-prozesurako baliabideak emateko beharrezkoa den ezagutza biltzen dute.
Erronkaren soluzioa
Planteatutako erronkek askotariko konponbideak sor ditzakete. Horietatik, landuena eta egingarriena aukeratzen da, inplementatu ahal izateko.
Bateratzea
Komeni da taldeek planteatutako konponbideak denei jakinaraztea eta ikasgelan eztabaidatzea. Eztabaida denboraren eta baliabideen araberakoa izango da.
Ebaluazioa
Etengabea izango da erronkak irauten duen bitartean. Ebaluazioaren emaitzek ikaskuntza berresten dute, eta erabakiak hartzen laguntzen dute, soluzioa ezartzen aurrera egin ahala.
Erronkak binaka edo talde txikitan lantzen dira normalean, dinamika kooperatiboak erabilita, baina baliteke banakako jardueraren bat ere egitea. Osatzeko, laborategiko ikerketak, simulazio digitalak, irakurketa zientifikoak, jolas-jarduerak eta PISAko gaiak lantzen dira.
Ikasleek ikerketa-koaderno bat eta ikaskuntza-eguneroko bat izan beharko dituzte.
Koadernoan ikerketa erregistratuko da, eta, beraz, hipotesiak, esperimentuak eta emaitzen azterketa edo interpretazioa dokumentatzeko erabiliko da. Koaderno hau egunerokoa da, eta egindako esperimentu guzti-guztiak jasotzen dira bertan, izandako gorabeherak azalduz. Haren ezaugarri nagusia da argi eta garbi esan behar duela zer egin zen, nola egin zen, nork egin zuen eta noiz egin zuen.
Ikaskuntzaren egunerokoan ikasleek gelan sortutako jarduerei eta proposamenei buruz idatziko dute, bai eta egunez egun planteatutako ideiei, iritziei eta esperientziei buruz ere. Horrela, metakognizio-prozesua abiaraziko da, honako gai hauei erantzunez: Eskatu didatena lortzen ari naiz? Lortuko dut amaitzea? Gehiago saiatu behar dut? Nire planari eutsiko diot edo aldatu egingo dut? Zer egin behar nuen eta zer egin dut? Garaiz nabil? Okertu egin naiz. Zer egingo dut? Zer ikasi dut horretatik? Etab. Irakasleek erabakiko dituzte une bakoitzean (hasieran, prozesuan zehar, amaitzean) ikasleek beren ikaskuntza-egunerokoan jaso behar dituzten gai batzuk.