Abiadura izaki bizidun orok bizirik irauteko garatu behar duen arma da; hain zuzen ere, abiadura-errekor ugari ditugu animalien erreinuan. Lehorreko animalien artean, gepardoa da Lurrean azkarrena. Denbora gutxian mantendu dezakeen arren, 115 km/h-ko abiadura har dezake. Hegaztien artean, belatz handia da munduko hegaztirik azkarrena; 300 km/h-abiadura har dezake, hain zuzen. Haatik, barraskiloak... 2 ordu baino gehiago behar ditu 100 metro egiteko!
Gepardoak hartzen duen abiadura km/h-tan neurtzen da; barraskiloaren abiadura, ordea, askoz motelagoa da, eta m/s-tan neurtzen da. Animalien abiadurak alderatzeko, oso ondo jakin behar dugu unitate-aldaketak nola egin. Zer gertatuko litzateke lehiaketa bat egingo bagenu? Animalien lasterketa bat? Jolas baten bidez irudikatuko dugu.
Jolasa: lasterketa-animaliak
Iraupena:
1 saio
Taldekatzea:
bikoteka
Jolas honen helburua da abiadura-unitateen aldaketak egiten trebatzea: m/s-tik km/h-ra. Izan ere, bihurketa hori oso ohikoa da fisikan, higidura lantzen denean, eta garrantzitsua da ondo ezagutzea. Horretarako, animalien ranking bat egingo dugu, azkarrenetik motelenera. Animalia azkarrenen abiadura km/h-tan adierazten da; motelenen abiadura, aldiz, m/s-tan. Alderaketak egiteko, unitateak berdindu behar ditugu.
Oso jolas erraza da. Ikasle bakoitzak orri bat edukiko du hainbat txartelekin, eta emaitzak betetzen joango da, bikotekideari galdetuz. Gainera, dinamikoagoa izan dadin, zutik egingo dugu, gelatik ibili bitartean.
Hala, txartelak osatuko ditugu, animaliekin eta horien abiadurarekin.
Jolasteko, kalkulagailu bat behar dugu, baita txartelen orria ere. Hona jolasaren jarraibideak. Irakasleak urrats bakoitzerako argibideak emango dizkigu.
1. Orria eta kalkulagailua esku artean ditugula, zutik jarri, eta gelatik ibiltzen hasiko gara, beste ikaskide baten bila.
2. Irakasleak esaten duenean, bikoteka jarriko gara, informazioa trukatzeko, hau da, bikotekideari galdetuko diogu zein den animalietako baten abiadura, txartelean falta den abiadura-unitatetan jarria.
3. Erantzunak idatzi ondoren, beste bikotekide baten bila abiatuko gara. Prozesua errepikatuko dugu, txartel guztiak bete arte.
4. Ondoren, lauko taldetan bilduko gara; emaitzak berrikusiko ditugu, eta abiaduren zerrenda egingo dugu, azkarrenetik motelenera. Taula hau erabiliko dugu:
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
Bateratze-lana egingo dugu gelan, eta animaliak honela sailkatuko ditugu:
Azkarrena
Motelena
Hankabiko azkarrena
Uretako azkarrena
Hegazti azkarrena
Ornogabe azkarrena
Ikasitakoaren inguruan eztabaidatuko dugu.
Iraupena:
30 minutu
Taldekatzea:
talde txikiak eta talde osoa
Emaitzak, ziur aski, harrigarriak iruditu zaizkigu; izan ere, kasu batzuetan, gauzak ez dira uste bezalakoak. Eztabaida baten bidez, gure hausnarketak partekatuko ditugu ikaskide guztiekin
Galdera hauei erantzun behar diegu gure taldean, eta, ondoren, talde osoaren aurrean azalduko ditugu gure hausnarketak:
Azkarrena
Motelena
Hankabiko azkarrena
Uretako azkarrena
Hegazti azkarrena
Ornogabe azkarrena
Ebaluazioa eta hausnarketa
Behin zeregina amaituta, une aproposa da hausnarketa egiteko gure ikaskuntza-egunerokoan. Hona iradokizun batzuk:
Zer ikasi dut?
Zerk harritu nau gehien prozesuan? Zergatik?
Aurretik neukan ideiaren bat aldatu dut? Zein?
Zer izan da zailena? Zergatik?
Zereginaren ebaluazioa
Irakasleak emango digun soluzio-orriarekin, zenbateraino asmatu dugun baloratuko dugu, eta «nota» gure koadernoan jasoko dugu.