Martin martetarra eta metodo zientifikoa
Begiak itxi eta martetar bat imajinatzen badugu, ziurrenik, denok izango dugu buruan antzeko ezaugarriak dituen izaki humanoide bat... Irakur dezagun martetar bati buruzko testu interesgarri bat.
Testua Robert W. Parry-ren Química: fundamentos experimentales, (1973) liburutik atera da, 7. eta 8. orrialdeak.
Martinek lur hartzen du
Martin martetarrak baso batean lur hartu zuen behaketarako bere espazio-ontziarekin. Gaua hotza zen eta berotzeko premia zuen. Ingurune ezezagunean zegoen Martin eta ez zeukan baliabide propiorik hotzetik babesteko. Inguruan begiratu eta izaki batzuk ikusi zituen objektu zilindriko gorien inguruan bilduta (Marten ez dago oxigenorik eta, beraz, ez dago surik guk ezagutzen dugun moduan). Martin ahal bezain beste hurbildu zen haiengana, baina haiek ohartu gabe, eta konturatu zen zilindro gorien multzo horrek hotzik ez izateko besteko beroa botatzen zuela. Martinek pentsatu zuen halako zilindro-multzo bat lortuko balu ez lukeela hainbeste hotz izango, baina, nola lortu?
Martin behatzen geratzen da
Lehenengo, zain geratu zen lurtar haiek kanpadendetara sartu arte. Ondoren, isil-isilik hurbildu zen zilindro-multzora, hainbat enbor atera zituen mutur hotzetik helduta, eta bere espazio-ontzi ingurura eraman zituen. Berehala berotu zen eta pozik sentitu zen bere martetar zientziaren mailarekin.
Bere pozak ez zuen, ordea, asko iraun. Zilindroak itzaltzen hasi ziren gaua, oraindik, hotza zen bitartean. Zer egin behar zuen Martinek sua elikatzeko? Marteko zientziak ez zion asko laguntzen. Erantzun egoki bakarra esperimentaziotik baino ezin zitekeen etorri.Martinek probak egingo ditu
Material asko bildu eta sutara botatzen joan zen. Bota ahala, emaitzak bere koadernoan idazten joan zen:
Zutoina | Erraz hartzen du su |
Gomazko mahuka | Su hartzen du, baina airea kutsatzen du. Jasanezina da |
Dinamita-detonagailua | Hondamendia! Hobe ez erabili |
Harkaitz handiak | Ez dute su hartzen, berotu egiten dira bakarrik |
Beirazko esferak | Ez dute su hartzen, badirudi apurtu egiten direla |
Zurezko makila bat | Erraz hartzen du su |
Ohar-koadernoan idatzitako datu guztiak aztertu zituen Martinek eta konturatu zen su hartu zuten objektu guztiak zilindrikoak zirela eta ondorio gisa, honako hau idatzi zuen: “Objektu zilindriko guztiek su hartzen dute”
Martinek egiaztapenak egiten ditu eta...
Biharamunean, Martin objektu zilindrikoak biltzen ibili zen gauean berotzeko. Kanabera zahar bat, beisboleko haga bat eta zenbait adar ekarri zituen bere kanpamentura. Berak uste bezala, objektu guzti horiek distiratsu su hartu zuten eta Martin harro zegoen lurreko egoera berria nola menderatu zuen ikusita. Atsegin handiz pentsatu zuen zein azkarra izan zen aurkitu zituen zurezko ate handi bat, egunkariz betetako kutxa bat eta ikatz-zati bat ekartzeko lana hartu ez zuelako, objektu zilindrikoak baino ez baitute su hartzen.
Erregaia bilatzeko hurrengo irteeran, Martinek burdinazko tutu baten hiru zati, beirazko bi botila eta automobil baten ardatza bildu zituen, eta bezperan ikusi zuen atea eta 10 x 10 cm-ko zurezko listoi nahiko luzea baztertu egin zituen. Gau horretan, sua itzali egin zen eta Martin harrituta geratu zen bere hipotesiak huts egin zuelako.
...erratu egiten da
Gau hotz eta luze hartan, Martin (hotzak behartuta) ahalegindu zen ondorio berriak ateratzen, eta hotzaren hotzaz...honako ondorio hauek atera zituen:
- Objektu zilindriko guztiek ez dute su hartzen.
- Zuhaitz adarrek, zutoinak eta zerrendako objektu zilindriko batzuk sutan jarraitzen dute.
- Egindako zerrendak balio du oraindik.
Martinek ez du etsiko
Biharamunean, eguzki epel eta distiratsuak adoretuta, Martinek berriz aztertu zuen bere zerrenda eta hipotesi berriak proposatu zituen: “Zurezko objektuek su hartzen dute”. Oraingoan, aurkitu al du Martinek pista zuzena? Martinek zuzen aplikatu du “Metodo zientifikoa”. Ikasle hasiberriek nahiz zientzialari esperientziadunek, denek, antzeko moduan jokatuko zuketen: behatu, bildutako informazioa ordenatu, informazioaren erabilera erraztu dezaketen erregulartasunak bilatu. Erregulartasunak, normalean, esperientzia berriak egiteko balio duten hipotesi gisa adierazten dira, eta horrek hipotesi horrekiko konfiantza areagotuko du ezagutza sistematizatzera iristeko.